Compartir

NOTICIAS

18/06/2006



Pasadan hilean Montenegrok bere independentzia aldarrikatu zuen. Izan ere, maiatzak 21ean, Montenegroko independentziaren alde agertu ziren botoen %55,5, partehartze oso altua izan zuen erreferendumean (ia %87a). Orain negoziaketak hasiko dira Serbiarekin, bien arteko elkarbizitza berria arautzeko. Erabakitzeko eskubidea, negoziatzeko betebeharra…indartzen doan printzipio bat.

Segur aski Montenegro ez da Euskal Herriarentzako (EH) modelorik egokiena: Europar Batasunetik (EB) kanpo, asko sufritu duen eta sufritzen diharduen lurralde baten... Lehenago ere esan digute abertzaleoi EH “balkanizatu” nahi dugula, eta ez onerako hain zuzen... Horregatik gure ereduak beste batzuk dira: EB barruko Estatu independenteak. Montenegroko prozesuaren legezko oinarria gorabehera, zerak dauka guretzat garantzia: hura garatzeko metodoa independentziaren gaineko erreferenduma, bai eta haren emaitza, nazioarteko komunitateak, EBk eta Serbiak, denak ontzat eman dutela, gero eta ohikoagoa den printzipio eta praktika arrunta berretsiz. Are gehiago, EBren ordezkari bereziak, Miroslav Lajcak-ek, zuzenean jardun zuen erreferendumaren arauketaren erabakitze prozesuan. Eta EBren praktika arruntaren adierazle den neurrian interesatzen zaigu batez ere. Montenegrok berak ere EBra begiratzen du, erreferendumaren ostean eginiko adierazpenen harira. Bruselasetik erantzuna berehalakoa izan da: Lehen bai lehen hasiko dira Montenegrorekin integraziorako negoziaketak.

Sarri galdetzen digute Euskal Herri independente bat oparoa izan daitekeen, Espainiatik eta EBtik kanpo. Baina kontua da EHk independentzia lortuko balu ez dagoela argi zergatik utzi beharko liokeen EBren parte izateari, eta zergatik galduko lukeen oparotasuna. EH independente batek Espainia parte den eta EBren eratzaile diren nazioarteko tratatuei lotua jarraituko lukeen ikusteko, lehengo eta behin, juridikoki, zuzenbide publikoari aditu behar diogu, 1969ko, 1978ko eta 1986ko Vienako Konbentzioen harira nazioarteko tratatuen suzesioaren arazoa aztertzen duten arauei. Bestalde, nazioarteko praktika arruntari eta EB-aren beraren praktikari aditu behar zaio. Horrela, ikusten da gaur egun suzesioaren aldeko hautua dela nagusi eta EB, Montenegroren kasuan ikusten denez, Europar Estatuak barneratzearen alde dagoela beti, baldintza ekonomiko eta giza eskubidekoak betez gero. Hortaz are gehiago jadanik EBren parte badira, bornean jarraitu dezaten.


Orokorrean EB barruan herrialde txikiek abantaila ugari dituzte: Merkatu itzel baten parte izatea bermaturik dagoela, independentzia lortzeak ez du salerosketetarako trabarik suposatzen. Bestalde Estatu parte bezala negoziatzeak bere errepresentatibitatea handitu egiten du, Estatu handien gain, izatez EB oraindik orain estatu independentek osatutako klub bat baita, eta estatuen botoek populazioaren botoek baino indar handiagoa dute. Aldiz EB-z kanpoko beste merkatuekin negoziatzeko orduan, negoziaketak EB-k eramango ditu. Merkatuaren dimentsioa eta norbere merkatu-gai eta zerbitzuak saltzeko askatasuna bermaturik daudela, estatuaren tamaina handia traba bihurtzen da, eta txikitasun abantaila: Estruktura administratiboen neurri mugatuak kostu administratiboak murriztu eta malgutasun handiagoa ematen dio herrialdeari, baldintza gero eta aldagarriagoek irudikatzen duten ekonomia globalizatu eta deslokalizatu baten. Iraganean ez bezela, gaur egun sistema ekonomikoaren barne sinergia positiboak (adib. cluster egokien eraketa) dimentsioa baino garrantzitsuagoak dira oparotasuna bermatzeko. Azkenik, goi mailako ekonomiako erabakitze guneak kanporatu ditugun neurrian (EB-ra) hurbilekoenaren kudeaketarako erabakitze guneak lurralde murritzago batera mugatzeak gobernua gobernatuetara hurreratu egiten du eta bere kontrola eta gardentasuna errazago egiten, ekonomiaren zein ongizatearen bermerako ordainezina dena.

Horiek horrela, EH, baita EAE bera ere, arrazoizko estatu independiente izan daiteke EB barruan, orain bezain oparo edo oparoagoa. Zenbakiei aditzea besterik ez dago: EAE-k 2,1 milloi biztanle ditu, eta EB-ren batezbesteko errenta per capitaren %122,9. Euskadi-Nafarroa-Akitania eurregioaren pisu ekonomikoa (BPG-a) EB-aren % 1,3 zen 1998an, ordundik handituz joan dena. Zenbaki horiek alderagarriak dira EBren parte diren hainbat estaturekin, horien artean oparoenak: Luxemburgo (0,41 milloi biztanle eta EB-aren BPGaren % 0,21), Irlanda (4 milloi biztanle eta EB-aren BPGaren % 1,09). Tamaina ekonomiko antzekoa edo txikiagoa dute Finlandiak , Hungariak, Dinamarkak, Lituaniak, Letoniak, Eslobeniak, Estoniak, Txiprek, eta Maltak. Herri txikien artean daude biztanle aberatsenak dituzten herrialdeak, hau da BPG per capita altuena dutenak: Luxemburgo (EB-ren batezbesteko errenta per capitaren %221,9a duelarik), Irlanda (%140,4 batekin) eta Holanda (%124,8). Izatez Europan hiru horiek bakarrik dute EAE-k batezbesteko biztanle aberatsagoak. Espainiak, aldiz, % 98,01 dauka beste estatu handien azpitik.

Hortaz, Montenegrorekin ez ezik, Luxemburgorekin amestu dezakegu geuk, hori bai, Montenegrori bezala erabakitzeko eskubidea ematen badigute. Orain dagokiena montenegrotarrei zorionak ematea da, etorkizun oparoa izan dezatela desiratu, eta, eurak nahi duten bezala, Europar Batasunera sarrera azkarra. Gure partetik, Euskemburgotik, zorionak Montenegro!

Facebook