23/09/2005
Dana emon biar yako maite dan azkatasunari! Lauaxetaren belaunaldiari eskerrak emateko garaia ez da orain heldu, lehenago baizik, eta ez da sekula agortuko. Eurek eman zioten dena askatasunari… Susmoa dut garai batekoek guk baino indar gehiagorekin esaten zutela, ozenago egiten zutela deiadar, taupada indartsuagoak jotzen zituztela euren bihotzek. Beldurra dut ez diogula geuk dena emango maite dugun askatasunari.
Eremu txikietako abertzaletasun edo nazionalismoek arazo larri bat izaten ohi dute/dugu: sakabanaketa, indarrik ez metatzea. Izan ere, inperioaren izenean aritzen direnek elkar hartzen dute txikiaren aurka eta guk, esaterako, barruko borroka baino ez dugu egiten. Maite ote dugu nahikoa Aberriaren Askatasuna? Proiektu egituratu moduan gutxienez 110 urte bete dituen honek gehiegi ditu, ene uste apalean. Helburua oraino lortu ez izana ez da seinale ona. Ekiteko garaia atzean utzi genuen eta berriro dugu begien parean. Ekin eta ekin, helburu bakarrean elkar hartuta, Aberria ez baita betiko zain izango…
Aberriaren askatasunak norbanakoaren askatasunean behar du oinarria, diost lagun batek. Nork bere lekua ez badu, nork bere izaera gordetzerik ez badu, zer nolako Aberria askatuko dugu? Norbanakoaren erabaki askean oinarrituta nahi nuke gauzatu nire ametsa. Iraganeko eskubideak eta jatorrizko abiapuntuak baliatuta, unean uneko gizabanakoaren askatasunak bakea behar du ezinbestean. Ezin izango baitu ekarpen onena egin mehatxupean bizi denak, arriskua duenak, jazarpena sufrikario duenak, edo errugabetasun ustea besteren erabakiz galdu duenak. Nork bere askatasuna izandakoan eraikiko dugu Aberria sendo eta zindo, osterantzean jai daukagu.
Daukadana parteka dezaket, nire ez dena ezin jakin nola nezake; partekatuko nuke banu, eta horren aitortza besteak egingo balu... Eztabaidarako gai hauxe hartuta gabiltza azkeneko hilabeteotan: independentzia/interdependentzia, burujabetza partekatua, nazioa, estatua, estatutua eta konstituzioa,…
Burujabe nahi dut izan berau, burujabetasuna, besterekin partekatu aurretik. Nire etorkizuna nik erabaki nahi baitut. Bestek oparia bailitzan emandakoa ez baita burujabetza, iruzurra baizik. Poltsikoan ez dudan sosik ezin bainuke besterekin partekatu.
Bakea behar dugu.Bidean bidekoak egin beharko ditugu, urratsez urrats, atzendu gabe. Tarteko horietan giza oinarri bat sustrai sendo izango da: bakea. Bakea bere esanahirik zabalenean: ezein motako indarkeriarik eza, jazarpenaren desagerpena, mehatxuen ahitzea eta justiziaren zintzotasuna. Bada giroan, gizartean, kalean, garai bateko itxaropen bera, bakea iristear dagoenarena. Bakea behar dugu, bestela antzu izango baita ezer eraikitzea. Bakerik ezean ez da gizarte askerik, ez baita gizabanako askerik.
Horren gainean, oinarri demokratiko nabarmenena: Herriak du hitza eta erabakia. Erabakitzeko izatearen aitortza, izan badenarena. Oinarri honetan datza, bereziki, Euskadiko Erkidegorako Eusko Jaurlaritzak proposatutako eta Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Estatutu Politiko Berriak. Eskumenak gorabehera, Herriaren izatearen edo existentziaren aitortza da proposamen honen printzipio nagusia, ezinbestekoa. Bidean bidekoak egin behar baititugu. Zoritxarreko banaketa egoera honetan, gure Herriari ezarri dizkioten hiru esparru juridiko-politiko hauetan modu ezberdinetan jo beharko dugu aurrera, eremu bakoitzeko herritarren erabaki askearen araberako abiadan…
Hau, baina, ez da helburua lortzea, ezta urrutitik ere. Euskal abertzaletasunak historian zehar garbi adierazi izan du bere helburua hitz ezberdinez: independentzia, burujabetza osoa, Aberriaren Askatasuna,… Ez beza inork esan ezkutuan ari garenik: independentzia zalea naiz, independentista. Euskalerriak, Euzkadik, Euskadik, Nafarroak,… edozein delarik izena eta deitura, eskubidea baitu aske izateko, bere bidea egiteko.
Gizadia aurrera doa, denborak bere bidea egiten duen heinean. Horrekin batera gizarteen antolakuntzaren aldaketa eta berau deskribatzeko hitz eta kontzeptuen eraldaketa gertatzen da etengabe. Independentzia garai bateko hitz zaharkitua dela esan izan du askok azkeneko urteotan. Esan diezaiotela Espainiar Estatuari, Frantziarrari edota Britainiarrari ez direla independente, ez dutela euren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik. Independente dira eta elkarrekin Europa osatzen (beste idazki luze bat sortzeko gaia, Europar izaeraren falta). Burujabetasuna nekez izaten da bitarikoa, taldekakoa baizik. Independente dira eta euren maila berean nahi dut nik agertu.
Etorkizuna gure esku dugu, XXI. mendean ezin inork ondokoari indarrez ezer inposatu. Herrien eta Herritarren hitza nagusi izango deneko garaian gaude eta, beraz, hurkoa gure proiektura ekartzekoa, konbentzitzekoa.
Laburbil ditzadan, beraz, kontzeptu pare bati buruzko ene iritziak:
Demokrazia: bakea eta norbanakoaren hitzari/erabakiari errespetua. Ez da gaur egungo egoera egokia, beraz. Indarkeriaren mehatxua batetik, makrosumarioak bestetik; jazarpena hemen eta errugabetasun printzipioaren alboratzea han; bizkartzain andanaren beharrean eta Herriaren existentziaren ukazioa.
Burujabetasuna: Aberriaren osotasuneko eraikuntza alegia, norbanakoaren eta Herriaren askatasunezko erabakien isla eta gehiengoaren gogoaren gauzapena, gure Aberria Europan besteren maila bertsuan izatea. Badugu honetan ere zereginik, XXI. mendean eskubide historikoak oinarri baitira, baino gizartearen gehiengoak egikaritzen baitu edozein proiektu.
Badut beste lagun on bat bere amonak hil zorian zenean bota zion azkeneko esaldia ahal duen orori jakinarazten diona: “Gazte, pena bakarra daukat: Euzkadi aske ezagutu ez izana”. Zer esango ote dugu geuk hilzorian? Ikusiko ote dugu gure egitasmoa gauzatuta? Dana emon biar yako maite dan azkatasunari!
Eneko Zarraoa Garmendia
Euzko Gaztedi – EGIko kide