27/06/2006
Ekainak 28an, Gorka Agirre EBBko kideak, auzitegi nazionalean inputatu giza jasan behar duen galdeketaren inguruan, EGIk ateratako prentsa oharra.
Iragan martxoaren 22ko ETAren su-eten iragarpenaren ondoren gure Herriak itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. Hainbat urtetan pairatu behar izan dugun karga behin-betiko desagerrarazteko aukeraren aurrean egoteak ilusioa piztu du denongan. Zalantzaren bat edo beste bada, ordea.
Antza denez, egoera berri hau ez dute denek gustuko edo pentsa liteke zenbaiti ez zaiola komeni. Izan ere, azken bolada honetan areagotu egin dira gure gizarteak abiarazi nahi duen prozesu hau oztopatzen saiatzeko ekintzak. Ekimenok erabat ulertezinak dira bakea lortzearen aldeko ikuspuntutik begiratuta.
Testuinguru honetan kokatzen dugu Ermuko Foroak aurkeztu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartutako Ibarretxe Markuartu Lehendakariaren aurkako helegitea (zergatik eta Batasunako kide zenbaitekin bildu eta hitz egin izanagatik!). Modu berean uler dezakegu gure Alderdiko EBBren Presidente Josu Jon Imaz San Miguel-en aurkako auziperatze saiakera.
Azkeneko erabaki lazgarria, berriz, Grande Marlaska epaileak bere kabuz hartu du gure Alderdikide Gorka Agirre Arizmendi auziperatuz eta Xabier Arzalluz Antia lekuko modura deituz.
Euskal gaztediari, eta euskal gizarteari orobat, lasaitasunerako deia egin nahi diogu. Hainbeste denboran helburu izan dugun bakea lortuko dugunaren itxaropenak bere horretan dirau, halako oztopoak hamaika izango badira ere. Kanpoko eragilek aurkako ahaleginak egingo badituzte ere, euskal gizarteak duen bake nahi eta beharra gailendu egingo zaizkie eta elkarrizketaren bidetik aurrera urratsak eginez gure xedea iritsiko dugu.
Gorkari gure elkartasuna adierazi nahi diogu bereziki. Egoera honetan, bere bizitza politikoan egindako ahalegin guztietan bezalaxe, bere ondoan gauzkala eta guretzat eredu paregabe dela egin nahi dugu deiadar. Helburu etikoak (Bakea) eta politikoak (Herriaren burujabetasuna) jardunbide demokratikoan oinarrituta lortzeko bidean lagun garela, alegia.
Aurretik Juan Marirekin egin nahi izan zuten, orain besteoi dagokie. Jakin beza espainiar justizia sistemak EAJren (eta EGIren) jardunean nekez topatuko dutela delitu zantzurik, saiatu eta saiatu ari badira ere. Alderdiaren zein Alderdikide esanguratsuen irudia eta biografia lohitzeko asmotan dira, baino ez dute lortuko.
Izan ere, ustez independente diren botereren arteko banaketa hausten denean edota justizia boterea helburu ilunek bultzatuta erabiltzen denean, Zuzenbide Estatua deritzona zalantzan jartzen da. Modu honetan gure helburuak are argiago izan ditzagun laguntzen digutela jakin bezate eragileek, espainiar estatuko (ezta frantziar estatuko) kide ez baitugu izan nahi. Euzko Justizia Sistema behar dugula berehala, honatx gure aldarrikapena arlo honetan.
Askatasuna eta Aberria, Independentzia!
Gorka, zure atzean baino, alboan gauzkazu. Eutsi eta ekin!