17/12/2003
Euskal gizartea bere etorkizunerako une benetan garrantzitsua ari da bizitzen. Iraganean ezagutu ez den egoera da hau, eta ondorioz, herritar guztion partaidetza eskatzen du.
Elkarrizketa eta harremanak areagotzeko behar honetaz ohartuz, Elkarri taldeak hurrengo larunbaterako manifestaldia antolatu du Bilbon, gure geroaldian ezinbestekoak izango diren lau gai azpimarratuz.
Horren ildotik, goian aipatutako erakundeak Madrilgo gobernuaren aldetik etengabeko neurri judizial hertsatzaileek urratzen dizkiguten “giza eskubideak eta herri borondatea” aldarrikatuko ditu. Era berean, Elkarrik, “proposamen guztien arteko elkarrizketa eta akordioa” eskatuko ditu, politika arloan parte-hartze herritarra bultzatuz.
Xede hauek lortu asmoz, sinadurak jasotzen ari da, martxotik aurrera martxan jarri nahi den “Bake Konferentzian” - Eusko Legebiltzarrean eta baita Nafarroako Parlamentuan ere - elkarrizketa foro alderdianitza gauzatu dadin.
Hori guztia dela eta, Euzko Gaztedik hurrengo larunbatean Bilboko “La Casilla Plazan” arratsaldeko bostetan hasiko den manifestaldira bere kide edo militante orori deialdia egin nahi die, bertara hurbil daitezen eskatuz.