25/09/2006
Beasaingo EGIkide batek egin du 2006 urte honetako Alderdi eguneko akanpadarako mitina. Mitinean EGIkidearekin batera, Iñaki Gerenabarrena ABBko presidenteak hartu zuen parte.
Aurten niri tokatu zait zuon guztion aurrean hitz batzuk esatea eta, egia esatea nahi baduzue, pozten naiz aukera hori aurten egokitu izana eta ez beste urte batean. Izan ere, denok ados egongo zarete aurtengo urtea eta egoera bereziak direla esaten badizuet.
Martxoaren 24an ETAk su-etena aldarrikatu zuen eta hori bakarrik bada guretzat nahikoa berri on. Horrez gainera, mundu guztiaren ahotan dabil zorioneko bake-prozesu hitz hori eta badirudi oraingoan mundu guztia dagoela ahalegin berezi bat egiteko prest bake prozesu hori aurrera atera dadin.
Oso albiste ona da hori guretzat, hainbeste urtetan Euzko Gaztediren helburua izan delako bake eta elkarbizitza eremu bat sortzea. Horregatik, nik uste, momentu hau hobekien definitzen duen hitza gutako bakoitzarengan, eta Euskal Herriko pertsona bakoitzarengan sortu den ilusioa da. Ilusioa, aspaldiko partez, gertuago daukagulako bakea, herri onen elkarbizitza. Eta ilusioa baita ere, badirudielako gure esfortzuak bere saria duela azkenean.
Nik baino hobeto dakizue gauzak gogoz kontra egitea oso zaila dela. Aldiz, zerbait egiteko edo lortzeko ilusioa dagoenean askoz errazagoa da helburuak betetzea eta horiek lortzeko lana gogorrago egitea. Horregatik, askotan galde diezaiokegu geure buruari ea zer ekar diezaiokegun guk, gazte bezala eta EGIko partaide bezala, delako bake-prozesu honi.
Nire ustez, gure lehentasuna momentu honetan gure ilusioa gizarteratzea eta kaleratzea da. Oraintxe esan dugunagatik, lo dagoen gizarte batean bake-prozesuaren alde lan egiteko energia askoz mugatuagoa da ilusioz beterik dagoen gizarte batena baino. Eta ez ahaztu inoiz, politikariek euren lana egingo duten arren, azkenean gizartea izango dela prozesu ororen motorra eta azken hitza izango duena. Horregatik, gizartean bakea lortzeko benetako ilusiorik eta grinarik ez baldin badago, alferrik ibiliko dira elkarrizketa mahaiak eta bestelakoak sortu nahian, azkenean gizarteak bizkarra emango baitio.
Hori izan behar da beraz, nire ustetan, gure jokabidea hemendik aurrera.Gure inguruan ilusioz beterik gaudela adierazi eta denei esan oraingo honetan bai, oraingo honetan bakea lortzeko aukera paregabea daukagula. Bakea lortzeko ilusioa daukan gizarteak bakea lortuko du, ez dudarik izan.
Bakegintza garrantzitsua da dudarik gabe, eta garbi dago gure lehentasunetako bat dela. Baina argi eta garbi esan behar dugu ez gaudela bake inposaturik onartzeko prest, inposatutako bakea gerra bera baino okerragoa baita. Bakea lortzeak ezin du esan, inola ere, hainbeste urtetan defendatu ditugun ideiak alde batera uzteko prest gaudenik. Ez dugu ahaztu behar bakea lortzea eta gure helburuak aldarrikatzea dimentsio desberdinetan daudela, eta batak ez duela inolaz ere bestea baldintzatzen.
Horregatik, bakea lortzeagatik gure helburuak bertan behera utzi behar ditugula diotenei garbi gera biezaie gurekin jai dutela, ez garela horrelako tranpan eroriko, bakeak ez duelako inorentzat preziorik. Orduan, ez dadila inor nahasi: bakea bai, bakea lortzearen alde lan egitea bai noski eta gure ahalegin guztiekin gainera baina gure helburuak irmo defendatuz. Euzko Gaztedi gizartearen lehenengo lerroan egongo da bakearen alde lan egiteko eta ozen esango dugu hori, baina ozenago oihu egingo dugu oraindik gu abertzaleak garela esateko eta Europa barruan Euskal Herri independente bat lortu arte ez gaituztela isilaraziko!
Ez ditzala beraz inork gauzak nahasi: Bakea bai, independentzia ere bai.