Compartir

NOTICIAS

09/05/2007
Europaren aldeko Gazte Demokratak taldea gazte erakunde politiko berria da, Euzko Gaztedi (EGI) horren sortzaileen artean dagoelarik. Taldearen helburu nagusia amankomunak diren baloreetan sustraitutako Europar Batasunaren egitasmoa sustatzea da, baita elkarrekiko menpekotasunean oinarritutako Europa batu baten onurari buruzko informazioa europar gaztediari helaraztea ere. EGD taldearen sorrerak bat egin du gizarte, politika eta ekonomia europar eredu berri baten hastapena izan zen Erromako Tratatuaren sinaduraren 50. urteurrenarekin.

Gaur, maiatzak 9, Europaren aldeko Gazte Demokratak taldeak europar guztiekin batera, 1950ean Robert Schuman-ek egin zuen proposamena hartu nahi du gogoan. Beronek garai hartan europar gizabanakoen artean hedatzen ari zen izpiritua bildu zuen: elkarrekiko etsaitasun zaharrak ahaztu eta bake zein askatasun gune izango zen Europa berria eraikitzeko gogoa. Bost hamarkada igaro ondoren, europar bategitea errealitate bilakatu da.

Europar Batasunaren leloak itxuraz kontrajarriak diren bi kontzeptu batzen ditu: "batasuna eta dibertsitatea". Batasuna oinarrizko baloreak partekatzean datza: demokrazia, justizia, giza-eskubideak, bakea, gizarte elkartasuna, emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna, kultura/hizkuntza/erlijio ezberdintasunari begirunea, kooperazioa eta garapen jasangarria, besteak beste. Nazio eta eskualde kultura sorta baten ezberdintasuna eta dibertsitatea nabarmen dira gure artean, baina Europa gainontzeko munduarengandik bereizten duten baloreen ondareak batzen gaitu.

Partaide diren Estatuen arteko bakea oraindik helburu nagusi bada ere, erronka berriak ari dira agertzen, azaleratzen eta areagotzen; horien artean globalizazio-prozesuari aurre egin behar diogu Europako gizarte estandarren aurkako eragile ez den politika sortuz. Ez diogu ekonomiaren globalizazioari aurre egin beharko soil-soilean; modu bertsuan eutsi beharko diegu kultura, etnia eta erlijio globalizazio-prozesuei, denak Europar Batasunaren handitzearen eta areagotzen ari den migrazioaren ondorio. Gure betebeharretako bat integrazioa erraztea eta euren baloreen zein bizimoduen ikaspena  izango da. Horregatik ezinbestekoa da estatu guztietan aplikagarri izango den politika bateratzailea, koherentea eta egonkorra ezartzea erronka berriei aurre egiteko.

Politika horien artean migrazio politika bateratua beharrezkoa da, gai hauxe izan da azkenengo hilabetetan luze eztabaidatu dena Europako erakundeetan. EGD-k honen inguruan proposamen zehatzak egingo ditu, Europako Alderdi Demokratiko-ko datorren 2009ko hauteskundetarako hautagaiak inspiratuko dituenak.

Europar Batasunak politika eta lege komunak sustatu behar ditu, estatu mailako erakundetatik nazioz gaindiko erakundeetara egindako ahalmen eskualdaketak beharrezkoa egiten baitu. Batez ere nazioz gaindiko mailan eraginkorragoak izaten ohi diren politikak eta legeak bultzatu behar ditu, hala nola: kanpo- politikan ahotsa bakarra izateko nazioarteko arazoetan; integraziorako baliabide bateratuak lortzeko (bat-bateko gobernuak aldatzean finkoak mantentzen direnak), globalizazioak eragindako ondorio kaltegarriei aurre egiteko eta garapen jasangarria lortzeko.

Jakinekoa da gaur egun gaztediak europar erakundeekiko sentitzen duen urruntasuna dela Europar Batasunaren arazo behinenetako bat. EGD taldeak gazte-jendearen artean europar politikari buruzko eztabaida sustatzeari ekingo dio, baita gaztedia bera europar zein nazioarteko harremanetan trebatzeari ere. Parte-hartze aktiboan datzan demokrazia Europako baloreetan garrantzitsuenetako bat da eta, beraz, etorkizuneko erabakitze-prozesuetan gizabanakoen parte-hartze hori ahalbidetuko duten tresna eta mekanismo berriak garatu beharko ditugu, batik bat gaztediari begira. Bide horretan lortuko dugu, agian, europarrengandik eta gure kezkak eta ardurenengandik hurbilago dagoen Europar Batasuna.

EGD
taldeak, gainera, erakunde eraldaketan ekarpenak egiten jarraituko du, gartsu, sarri kontrajarriak diren Europar gizabanakoen gogo ezberdinak bilduko dituen araudi gorena sortze aldera. Datozen hilabeteotan urrats berriak egin beharko dira hurrengo 50 urteotako Europaren oinarriak sendotze aldera. Urratsok are demokratikoago, gardenago eta eraginkorragoa izango den Europar Batasunerantz bideratu beharko gaituzte, etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egite aldera.


Miren Saratxaga, Ana Iturriaga eta Eneko Zarraoa

EGIko Aberri Batzordeko eta Kanpo Harremanetako Lan taldearen kideak

Xanthi KapsosideriEuropako Komma Gazte Erakundeko kidea

Andrea Zafferani, Alternativa Giovanile Gazte Erakundeko koordinatzailea

Mantvydas Bekesius DARBAS Gazte Erakundeko Presidente Ordea

Andrea Casu, Ermanno Lombardo eta Alessia Mingardi Giovani della Margherita-ko Kanpo Harremanetako Batzordearen kideak

Ludovic Guilcher, U.D.F.-ko Gazte Erakundeko kidea

Facebook