Compartir

NOTICIAS

03/12/2015
Askotan esan izan digute gazteei, norberak egiteko egin behar duena, besteek ez dutela eta zugatik egingo. Euskaraz diogu bada, Euskaldun garela, euskara dugula hizkuntza, euskaraz egiteko eskubidea dugula eta guk egiten ez badugu ez duela beste inork egingo.

Legeak ezartzen dizkigute, gure herri honi independentziaren ateak ixteko. Konstituzioa gora eta konstituzioa behera. Baina ez al da konstituzio horretako 3. Artikuluan agertzen Euskara ere hizkuntza ofiziala denaren zita? Eta apur bat beherago espainiar estatuko hizkuntza guztiei  errespetu eta babes berezia eman behar zaiola? Non da errespetu hori? Noiz egin ahalko dute diputatuen kongresuan euskaraz?

Egia esan, ez dugu ezer espero euskaldun guztien ordezkaria den lehendakariarekin ezertaz hitz egiteko tarterik hartzen ez duen Espainiako presidente horretaz. Are gehiago, bere semeak telebistan esan ditzakeen harropuzkeriei edo jarrera hauek zuzentzeko asmotan ematen dizkion belarrondokoak baino gutxiago inporta zaiola dirudi euskarak. Nahiz eta, komeni zaionerako ederki erabiltzen duen Biblia horretan, Espainiarako aberastasun eta ondare kultural gisa definitzen den.

Ez dugu bada haiek gugatik zerbait egingo dutenaren zain egon behar, guk egin behar dugu, egunero, ahoz-aho , hitzez-hitz euskaraz jardunez. Gurea den hizkuntza eta guk ditugun eskubideak, gure sentitzen ez ditugun lekuetan ere defendituz. Zoritxarrez oraindik, gauza asko Madrilen erabakitzen baitira eta han ere gure ordezkaritza, gure ahotsa edukitzea beharrezkoa da. Egungo bizi dugun egoerak, aldaketa ekartzen badu eta aldaketa gauzatzen bada, aldaketa horretan euskararen  eta euskaldunen eskubideak eta gure eskuduntzak bermatuko dituen jendea behar dugu. Egunen batean gure herritik kanpo ere, izena eta izana ematen digun hizkuntza maitean gure ahotsa entzun dezaten, gure euskaraz  jardun dezagun, euskaraz jalgi gaitezen!

Facebook