Compartir

NOTICIAS

15/07/2016
Atzo Nizan erregistratu zen sarraskiaren aurrean, Euzko Gaztedik honakoa adierazi nahi du:

1) Gure gaitzespenik sendoena atzo Nizan gertatu zen ekintza terrorista anker eta bereizi gabearen aurrean, gutxienez 84 pertsona errugabeen bizia eraman duena, hauen artean, ume txiki askorena. Ez dago helbururik, ez dago kausarik, ez dago federik indarkeria justifikatuko dutenik, dela yihadista edo beste edozein jatorrikoa. Hala erakutsi izan du Historiak aldi ezberdinetan. Euskal herritarrok ere bagara egiaztapen horren lekuko.

2) Gure solidaritatea eta elkartasun osoa biktimen senide, lagun eta ingurukoei baita Frantziar herri osoari ere, atzo jai eguna sarraski ankerrarekin amaitzen zela ikusi baitzuten.

3) Europar Batasuna, azken urte hauetan, eraso terroristen eszenatoki izan da, eta mundu mailan europarrok bake, askatasun eta demokrazia erreferente egin gaituen baloreak indartu eta aldeztu behar ditu. Halako basakeriek eragiten diguten minaren eta amorruaren gainetik ere, gure sinesmenak eta usteak indartu behar ditugu, eta indartzen ditugu, eta halako terrore ekintzen aurrean erantzun bat eta bakarra dagoela adierazten dugu: demokrazia indartsuagoa, bake sendoagoa eta askatasun zabalagoa.

4) Argi daukagu oso zaila dela halako ekintza suizida eta bereizi gabeen egileak antzemateko, atxilotzeko eta indargabetzeko lana, eta Europako agintariei eskatzen diegu Batasuna osatzen duten Estatu eta eskualde guztietan halako talde eta pertsonak ikertzeko lanak indartzea. Halaber, legearen pisu osoa erori beharko da hurkoak erailtzeko eta hiltzeko prest dauden guztien gainean.

5) Beharrezko dugu segurtasun alorretik ere erantzun bat ematea, baina horrek ezin du inola ere gainditu legeei zor zaien errespeturik zorrotzena eta, bereziki, emakume eta gizon guztiok ditugun eskubideei dagokienez. Zentzu honetan, EAJ-PNVk euskal gizartea deitzen du gizarte talde zehatz batzuk seinalatzeko edo gertakari honen errua leporatzeko tentaldian eror ez dadin, basakeria honen errudun izatetik urrun egonda ere, beraiek baitira zentzugabekeria honen kalteturik nagusienak. Bakearen eta askatasunaren alde lan egitea da gizarte bidezkoagoa, integratuagoa eta gardenagoaren alde egitea, eta arrazakeria eta xenofobiarik gabeko gizartea eraikitzea. Lan hori gu guztion eginkizuna eta ardura da, pertsonena zein botere publiko guztiena.

6) Amorru eta harridura une hauetan, komenigarria da gogoratzea euskal hiritargoaren gehiengoa, europar emakume eta gizon gehienak fanatismoaren eta indarkeriaren aurrean bakea, askatasuna, demokrazia, hitza eta bizikidetza jartzeko prest gaudela. Azken finean, ankerkeria hau irmotasun osoz borrokatzeko prest gaude, baina beti gizatasuna eta humanismoa oinarri hartuta.

Facebook