Bestetik, aurten EGIren ahotsa izatea neuri suertatu zait eta esan beharra
daukat ohore bat dela eta erantzukizun handiz hartzen dudala zeregin hau.
Egikideok, euskal abertzale bezala, argi eta ozen esaten dugu Euzkadi
dela gure Aberria! Gure Aberri bakarra! Eta abertzale garen heinean, Herri
honetako pertsona guztien ongizatea dugula helburutzat. Izan ere, pertsonarik
gabe ez dago Aberririk!
Baina, abertzale eta humanistak izateaz gain, europazaleak ere bagara. Herrien
Europan sinesten dugu eta beraz, gure begirada Europan daukagu. I’m Basque
da Agirre Lehendakariak erbestean erabiltzen zuen esamoldea. Ba guk ere
harrotasunez esan dezagun euskaldunak garela! Euzkotarrak garela! Eta gure
helburuak 121 urtez bere horretan jarraitzen duela; Euzkadiren askatasuna
dugula helburutzat eta buru belarri lanean jarraituko dugula helburu hori lortu
arte. Euzkadi Europan eta munduan eskubide osoko aberri lez onartua izan
arte!
Datorren ostiralean, gainera, 80 urte beteko dira Agirre Lehendakariak
bere karguaz zin egin zuena Gernikako Arbolaren azpian. Estutasun eta
sufrimendu handiko momentuak ziren, kolpistak Bizkaian sartzear zeunden,
baina Arana Goiri batailoiko gudariek Elgoibarren kolpistak geldiaraztea lortu
eta Agirre Lehendakariak lehenengo Euzko Jaurlaritza eratzea lortu zuen.
Zin egite diskurtsoan Agirrek hurrengo hitzak zuzendu zizkien gudariei:
“Arerijuak gure etxian sartuta daukaguz. Gure asaba zarrak beso gogorrakin
bota eben beti gure Aberrira erbestetik etorri ziran gizonak. (…). Orregatik etzan
hil gure errija.
(…) Gaur gure arerijuak datorskigu gure erri maite au zapaltzen. Ondatu dabe
gure errija, gure izkuntza, il dabez ¡zenbat! gure sendijak.
¿Zelan laga sartu gure errijan? Ez gudarijak; zure izkilluak gertu dagoz, zeure
biotzak, erriko biotzak dira; zubek zerate gure antxiñako asabaren jarraitzaileak,
eta euren antzera gaur Euzkadi’ko mutillak arerijuak etxetik kanpora botako
dabez.
(…) Aurrera mutil zintzoak, aurrera. Bildurra izan dedilla aurrian ez gure artian.
(…) Jarraitu bide ortatik, jarraitu ba; zure eskuetan lagata dago Aberri
maitearen itxaropena ta zoriontasuna.”
Egikidiok! Gudari horiek dira gure asabak! Gudari horiei esker daukagu gaur
egunean ezagutzen dugun Euzkadi! Harro egon gintezke gure iraganaz!
Harrotasunez esan genezake Jeltzaleak garela!
Baina, Agirrek esan zuen moduan, gure Aberri maitearen itxaropena eta
zoriontasuna gure eskuetan dago. Egikideon eskuetan dago Euzkadi aske eta
etorkizun hobeago bat lortzea! Ekin diezaiogun lanari!
Beraz, amaitzeko, euskal gizarteari, eta bereziki euskal gaztediari, esan
nahi diot Euzko Gaztedik zutik jarraitzen duela 112 urteren ostean! Zutik, harro
eta gogotsu jarraitzen dugula gazteditik euskal gizartearen alde borrokan!
EGIk Euzkadirentzat eta euskal gaztediarentzat proiektu bat dauka eta gu geu,
egikideok, gara Herri honen etorkizuna! Gu gara Alderdiaren etorkizuna! Katea
ez da eten!
Ta kantu ezagun batek esaten duen moduan… “Gu gara Euzkadiko gaztedi
berria, Euzkadi bakarra da gure Aberria!” (bis. abestu).
Gora Euzko Gaztedi!
Gora Euzko Alderdi Jeltzalea!
Gora Euzkadi Askatuta!