Kontent gara gazteok gure hizkuntzak mendetan barrena biziraun duelako eta gaur-gaurkoz gure ahotan darabilgulako. Ezin gara, ordea, lo gelditu. Izan ere, euskarak aurrera egin badu, oro har, euskal gizartearen norbanakoetatik hasita, euskal gizarteak berak eta bertako eragile politiko eta sozial euskaltzaleek erruz egin duten lanari esker izan baita, erakutsitako konpromisoa eredugarria izaki. Benetan aintzat hartzekoa dugu eragileok aurrera eramandako normalizazio prozesua, euskararen malda-behera zentzuz aldatzea lortu duena.
Hala ere, orainarekin ez gara konformatzen, nagusi den gizarte-araua gaztelania edo frantsesaren aldekoa baita. Gauzak horrela, lortutakoari eutsiz erronka eta helburu berriei ekin behar diegu.
Honenbestez, eman beharreko urrats politikoek Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasun instituzional eta soziala lortzera jo behar dute. Izan ere, Iparraldean eta Nafarroan, urtetako gabezia politiko eta instituzionalagatik, oraindik ere, euskara gutxiengo zapaldu batean bizi da. Halaber, euskararen presentzia ahuleneko EAEko, nahiz Iparraldeko eta Nafarroako, zonaldetan euskara irakastearen aldeko ekimenak bultzatu eta erakunde pribatu nahiz publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko planak sustatu behar dira. Plan hauek hezkuntzak eta administrazioak bermatzen ez dituzten hizkuntza-eskubideak estaltzera jo behar dute, euskaraz egiteko eskubidea esparru orotara zabalduz.
Hizkuntza-eskubideez haratago, gazteok bereziki kezkatuak gaitu euskararen erabilerak. Kultura-ondarea ez ezik, euskara herritarrok elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dugun tresna bizia baita. Horregatik, euskarak eguneroko bizitzan erabiltzeko hizkuntzatzat duen ospea eta balio soziala handitu behar dira. Izan ere, hizkuntza aniztasunari eutsi nahi badiogu, euskara da nahitaez indartu behar dugun hizkuntza, horretarako erdaren aldean diskriminazio positibo batez baliatuz. Ez baititzakegu ahaztu euskarak behin eta berriz bizi dituen zapalkuntza eta eraso egoerak, Madrildik zein Paristik datozenek ez diotelako euskararen ofizialtasunari biderik ireki nahi.
Era berean, kontziente gara euskarak azken hamarkadetan ikasgeletatik ateratzeko izan duen zailtasunaz. Maiz, arlo akademikora soilik mugatzen delako. Horrenbestez, euskara aisira eta giro informalagoetara hedatzea giltzarritzat dugu egunerokotasunean erabiliagoa izan dadin. Denok bat eginik, euskararen ezagutza areagotzeaz gain, oso bereziki, erabilera bultzatu behar dugula eta horretarako konpromisoa hartzen dugula adierazten dugu.
Azkenik, euskara euskal herritar ororen hizkuntza den aldetik, mehatxu edo inposaketa delakoaren ikuspegitik atera behar dugu. Esan nahi baita, euskara alderdikerietatik atera behar dugu eragile politiko bakoitzarekiko errespetuaren gainean eraikitako diskurtso partekatu baten bidez.
Hori dela eta, adostasun politiko eta soziala lortzea ezinbestekoa da euskarak biziberritzeko bidean aurrera egin dezan. Bada, euskararen sustapenaren beharra ikusirik, ezinbestekoa da eragile politikook konpromiso sendoa hartzea gure hizkuntza biziberrituz esparru guztietara iris dadin. Hori lortzeko, hartu beharreko konpromiso politikoek instituzio eta gizarte mailakoak beharko dute izan. Alde batetik, euskalgintzarekin elkarlan zuzen eta etengabea bermatzeko, eta bestetik, Espainia zein Frantziatik datozen ukazioei aurre egiteko. Hizkuntza bat ez baita deus ere erabiliko duen herririk ez badago.
Sinatzaileak: Euzko Gaztedi EGI - Gazte Abertzaleak - Eraiki - Gazteok Podemos Ahal Dugu