Compartir

NOTICIAS

28/06/2020

Homofobia eta lesbofobia gizabanako edo gizarteek homosexualen aurka duten edozein arbuio-jarrera edo aurreiritzi da. Jarrera hauek nazioarteko erakundeek gaitzetsi badituzte ere, hala nola, Europako Kontseiluak edota Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, zoritxarrez, gizartean oraindik LGTBIQ+ komunitatearen aurkako jokaerak aurki ditzakegu. 

Sexu-orientazioa pertsona batek beste batekiko senti dezakeen erakarpen emozional, fisiko edota sexualean datza, hau homosexualitatean, heterosexualitatean eta bisexualitatean ezberdinduz nagusiki. Ez du zerikusirik sexu-identitatearekin edo genero-identitatearekin, izan ere, hau sexu bateko edo besteko kide izatearen sentimendua da. Nahaste honen ondorioz, maskulinoan edo femeninoan sexuatutako gizabanako gisa ikusten dugu geure burua, gizarteak batari eta besteari rol ezberdinak eman dizkiolarik. 

Transgeneroa terminoak itxura fisikoa generoaren arau bitarrarekin bat ez datorren pertsonak deskribatzen ditu, alegia, gizarteak sortutako maskulinitatea versus feminitatea dualitate horrekin bat egiten ez dutenak. Ondorioz, pertsona transgeneroak ez datoz bat, neurri handiagoan edo txikiagoan, esleitutako sexuarekin edo sexu horrek berekin dakartzan gizarte-harreman arrunt inposatuekin. Besteak beste, transexualak, trabestidoak, intergeneroak, intersexualak, transformistak, dragqueenak eta dragking-ak barne hartzen ditu. Transexualitatearen kasuan, aldiz, genero-identitatea eta sexu biologikoa dira bat ez datozenak.

 LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ekainaren 28an ospatzeak bere zergatia gertakari historiko batean du eta hura ekarri nahiko genuke gaur gogora. New Yorkeko Manhattan auzoko Stonewall Inn tabernan etorkizuna aldatuko zuen gertaera eman zen 1969ko ekainaren 28ko goizaldean. LGTBIQ+ komunitateko pertsonak biltzen ziren bertan nagusiki, zeintzuek manifestazio bat hasi zuten kalean, euren aurkako indarkeriazko jarrerez nazkatuta, zeuzkaten eskubideak defendatuz eta botereak haien kontrako indarkeriaren aurrean egiten zuen ezikusia salatzeko asmoz. Gertakari hura hartzen da, Estatu Batuetan lehenbizi, eta mundu mailan jarraian, LGTB eskubideen aldeko mugimenduaren hasieratzat.

 Zoritxarrez, oraindik ere asko dago egiteko. Mundu mailan 14 dira homosexualitateari heriotza zigorra ezartzen dioten herrialdeak eta, aldiz, 70 estatu dira praktika delitutzat hartzen dutenak. Zalantzarik ez dago giza eskubideen aurkako legeak direla hauek, eta gizakion nortasunaren garapen askerako gehiegizko oztopoa. Arauak ez dira beti justuak, eta honelako adibideak dira honen erakusle gordinenak. Gu guztion eta herrialde hauekin harremana duten estatu zein erakudeen ardura da behar haina presio egitea, hango gizarteekin batera, LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak bermatzen ez dituzte herrialdeek jarrera horiei amaiera ematea lortzeko. 

Mundu mailan egoera okerragoa izanagatik ere, badira gure gizartean oraindik ere aldaketa sakona behar duten esparru eta pentsamoldeak. Gizartearen zati batek ez du onartzen edo errespetatzen pertsonok maitatzeko, gure sexua askatasunez bizitzeko eta geure gorputzengan aukeratzeko dugun eskubidea. Horren adibide dira oraindik ere pertsona batzuek jasaten dituzten eraso fisiko zein psikologikoak, hezkuntzan eta medikuntzan dauden oztopoak, komunikabideetan LGTBIQ+ komunitateak daukan ikusgaitasun txikia edota jasaten dituzten bestelako diskriminazio motak, askotan ikusezinak direnak normalizatuegiak egoteagatik. Ez dezagun ahaztu inor ez dela ilegala eta gure legediak ez duela inolako diskriminaziorik onartu behar. 

Gure lana da norbere burua errespetuan eta aniztasunean heztea, denok nahi dugun gizarte aske eta zoriontsua lortu ahal izateko, non ez den inolako komunitaterik diskriminatuko.

Facebook