2004/06/11
Urriaren 29 eta 30 egunetan Bizkaiko 28 EGIkide Iparralden egon ginen gure Aberri zati hau ezagutzen. Txangoa Bizkaiko Euzko Gaztedik antolatu zuen eta leku ezberdinak izan genituen ikusgai: Donibane-Lohitzune, Bidart, Maule eta Urdiñarbe.
Asmo hau Agosti Xaho Kultur Elkartearekin batera prestatu zen eta Xiberuako Zohardia eta Xaho Elkarteko arduradunen artean ekitaldi berezi bat antolatu Maule-Lextarren. Agosti Xaho Zuberoan jaio zen, Atharratzen, eta Euskal Herriaren batasuna lortzeko lan egin zuen, baita kultura mailan ere. Oraingoan, Zuberoan euskaltzaletasuna oroitzeko Benito Lertxundiren emanaldi bat prestatu zuten aitatutako elkarteok.
Donibane-Lohitzunen Euzko Alderdi Jeltzaleak daukan Batzokian egon ginen, gure anfitriona bertako alderdikide Beñat Oteiza izan zelarik. Batzokira Baionako Turismo zinegotzi Aitor Arandia hurbildu zen. Aitorrekin egon ginen berbetan Iparraldearen egoerari buruz, abertzaletasunari buruz, Europari buruz, alderdiaren egoera eta etorkizunari buruz, eta abar.
Gero Donibane-Lohitzuneko hilerrira joan ginen, Agirre Lekube´tar Joseba Andoniren hilobia ikustera eta lehenengo Lehendakariari omenaldi txiki bat egitera.
Bidarten orain dela 3 urte Eusko Jaurlaritzak "La Roseraie" Ospitalean hil ziren euzkotarrei (gudariak, hain zuzen ere) eraikitako panteoia bisitatu genuen eta Euzko Gaztediren izenean omenaldia egin.
Arestian aitatutako kontzertua sekulakoa izan zen. Benito Lertxundik 3 ordu eskaseko emanaldi gogoangarria osatu zuen. Mathalas abestiarekin hasi zen emanaldia eta Benitori laguntzeko Ziberuako Zohardiak daukan abesbatza eskenatokira igo zen. Mathalas gogoan beraz, bere garaian Xiberuaren askatasuna aldarrikatu zuen apaiza, horregatik eta matxinada bat antolatzeagatik hil zuten apaiza.
Igandean Mauleko Kultura arloko zinegotziarekin egon ginen herria ezagutzen. PSFko zinegotzi independientea da bera. Mauleko Udaletxea, Gaztelu Zaharra, Maule Goikoa eta beste leku batzuk ezagutu genituen, bisitaldia oso interesgarria izan zen. Iparraldeari buruzko beste ikuspuntu bat ezagutzeko parada ere eman zigun goizak.
Urdiñarbera bisita egin ostean.
Bazkaldu ondoren Urdiñarbera joan ginen eta bertako eliza berezia ikusi. Agur Zuberoa abestu ondoren Bizkaira bueltatu ginen. Triste baina aldi berean pozik. Abertzaletasuna indartzeko lan asko daukagu, baina ekitaldi hauekin eta guztion konpromisoarekin helburu hori lortuko dugu.
Biba Xiberua!
Gora Euzkadi askatuta!