2006/06/23
Beste urte batez Irungo Euzko Gaztedi (EGI) komunikabideetan azaltzera behartua agertzen da datozen San Pedro eta San Martzial jaiak direla eta.
Irungo San Martzial Alardeak Gipuzkoako zein Euzkadiko klase politikoarengandik jasotzen dituen inposaketa, bidegabekeria eta koherentzia ezak beste behin salatzeko beharrean aurkitzen gara.
Gaur egun, Euzkadiko organo legegileen foru desberdinetan (Batzar Orokorrak eta Parlamentua), Alardeak emakumeen aurkako ekintza baztertzaile gisa definitzen dituzte, legearen kontrakoak gainera. Irungo EGIk egiten duen irakurpena oso bestelakoa da. Gure ustez, ekainaren 30ean ez da inor diskriminatzen eta, hiritar guztiek dute partehartzeko aukera, bakoitzak sentitzen edo nahi duen eran, horretarako bi ekitaldi baitaude. ¿Non dago lege urraketa? ¿Non ukatzen da emakume eta gizonezkoen desfilatzeko eskubidea?
Urte batzuk badira Irungo EAJ-PNVren gazte erakundetik koherentzia ezaz jositako egoera hori salatzen hasi ginenetik. Gure ustez, polemikaren muina ez datza emakumearen desfilatze eskubidean kokatzen, ziur gaude muina alardeaz haratago doala eta, alardea aldarrikapen politiko eta sozial baten ikur gisa erabilia dela, “títere” gisa. Gaur egun, zenbait erakunde politikok alardearekin bukatu nahi dutela uste dugu eta, bide batez, Irundarrok konpartitzen ez dugun ospatze eredu bat inposatu.
Bitxia da, Alardearen kontua azken urteetan Irundik kanpo jorratzea, horregatik, ez dugu ulertzen nolatan herri bateko jaiek Parlamentu eta Batzar Orokorretako hainbat eta hainbat saio okupa ditzaketen.
Gure kideei eta, orokorrean, klase politikoari dei bat luzatu nahi diegu Irunen hain errotua dagoen festa hau bakean utzi dezaten. Ekainaren 30ean milaka pertsonek Alarde “Tradizionala” deiturikoan parte hartzen dute eta, gutxiengo batek beste desfilean. Gure ustez, gaur egun polemikak ez dauka zentzurik, bakoitzak nahi duen bezala bizi dezake San Martzial eguna. Baina, gezurrez eta borroka antzuez betetako azken hamarkada honetan jasotako porrotaren aurrean, ez saiatu emakume eta gizonaren berdintasuna herri oso baten borondatea eta identitate zeinuak debekatzeko erabiltzen. San Martzial egunak, ekainaren 30a Irungo Alardearen historian zehar ospatu den bezala ospatzen jarraitu nahi duten gizon eta emakumeak biltzen ditu. ¿Zein da arazoa?
Irungo EGIk elkarbizitzaren eta pertsona zein ideien errespetuaren alde egiten du. Euskal Abertzale gisa EHAK eta Aralarreko kideei jakinarazi nahi diegu, prest aurkituko gaituztela Euskal Estatu baten eraikitze bidean, baina, inolaz ere, Irungo Alardea inposaketa bidez desagerrarazteko asmotan. Herri baten identitate zeinu eta manifestazio askatasunaren kontrako inposaketa eta erasorik ez dugu onartuko. Elkarbizitza eta errespetua dira denon artean gizarte justuago bat eta herrialde eredu bat eraikitzeko oinarriak.
Halaber, aukera hau aprobetxatu nahi dugu Irungo hiritar guztiak zoriontzeko eta, bereziki, irundar guztiak alaitasun eta emozioz betetzen gaituen ekainaren 30an gure kaleetan zehar ibiliko diren Kantinerak, Irungo Herriaren Alardeko kantinerak.
GORA IRUN!
GORA SAN MARTZIAL!
GORA EUZKADI ASKATUTA!