2003/11/12
365 egun, 12 hilabete, urte bete. Hauxe da “Prestige” petrolio-ontzia hondoratu zen zoritxarreko egun hartatik iragotako denbora. 77 000 tona fuel garraiatzen zituen 26 urteko itsasontziak Finisterre aurrean jasan zuen istripua, espainiar gobernuaren ezaxolagabekeriaren ondorioz. Honek guztiak, historiako hondamendi ekologiko larrienetakoa eragin du gure kostaldean.
Ezbehar tamalgarri honen aurrean arduradunek isiltasuna eta gezurra besterik ez dituzte aditzera eman.
· Berandu eta modu okerrean jokatu zuen Gobernua
· Ikerketa-batzordeak eratzeari behin eta berriro uko egin dion Gobernua
· Erantzukizuna etengabe saihesten duen Gobernua
Aitzitik, ezin diogu errealitateari bizkar eman. Arazoa ez da konpondu. Manipulatuta eta eskuztatuta jasotzen dugun informazio urriak normaltasun egoera azaldu nahi du. Ohikotasunera itzulera; ez da egia, ordea. Fuel-olioak Galizia eta kantabriar itsasaldeak lohitzen jarraitzen ditu, itsas ekosistemak ondorio latzak jasanez.
Hau guztia dela eta, Euzko Gaztedik, Galizia eta kantabriar kostaldeari bere jatorrizko aberastasuna berreskuratzeko nahiz kaltetuei beren ordaina lortzeko lanean ari den plataforma guztiei eskerrak eman nahi dizkie, espainiar gobernuaren jokaera gogorki salatuz.