Ezagutzera eman

BERRIAK

2003/12/26



Urtebete igaro behar izan da berriro ere San Mamesen topa gaitezen. Oraingoan ere, Euskal Selekzioak partidu ofizialak jokatu ahal izateko bermea eta zilegitasuna aldarrikatzera gatoz.

Bihar gauean ospatzen den norgehiagokak polemika handia piztu du egunotan. Eztabaidaren gakoa Nafarroako selekzioak iganderako prestatu duen partidua izan da; bertara, bere burua nafar nahiz euskaldun sentitzen duten jokalariak deitu baitira. Burkina Fassoren aurka jokatuko den partidurako deitu diren horien artean Tiko, Urzaiz eta Gurpegui bezalako profesionalak aurki ditzakegu. Hauen egoera benetan larri eta korapilatsua iruditzen zaigunez, gogorki salatzen dugu gertatutakoa.

Horrenbeste denboraren buruan, azkenean, gure selekzioaren partidu batekin goza dezakegu berriro. Gure asmo eta nahien aurka, oraindik ofiziala ez den norgehiagoka. Aitzitik, herri honen desirak eta gurariak aditzera emateko balioko du. Kirol alorrean ere Estatu espainiar nahiz frantsesaren menpekotasuna pairatzen duen herria. Ordezkaritza ofizialik ez duen herria. Aitzitik, nazio-sentimendua ezin uka diezaguketenez, kirol ordezkaritza behar beharrezkoa duen herria da Euskadi.

Instituzioek gure nazio-nortasunaren berezitasuna onartu ez arren, gogor ekingo diogu gure kirolariek atzerrian ordezka gaitzaten. Halaber, beraien kamisetak euskal ikurrak izan ditzaten borrokatuko dugu. Eta ahaleginak egingo ditugu egunen batean gure jokalariek euskal koloreak defenda ditzaten.

Facebook