2004/03/11
Gaur Madrid-en izan diren gertakari lazgarrien aurrean, Euzko Gaztedik (EGI) honakoa adierazi nahi dio gizarteari:
1. Deitoratu egin nahi dugu gertatutakoa, gogor eta tinko. Indarkeriak ezin du lekurik izan gure gizartean, ezta aurreratutzat jo genezakeen beste edozeinetan ere.
2. Ez dago politika, erlijio, gizarte, kultura, ez beste inolako arrazoirik halako ekintzarik justifika dezakeenik. Etikaren ikuspuntuak berak, gizatasunaren oinarriak berak halako gertakariak baztertu eta gaitzestea eskatzen du.
3. Bakea da bidea eta horretan saiatu izan gara beti eta saiatuko. Bakearen aurkako ekintzek ez dute gure sustengurik izango, ezta gure ixiltasunaren ezikusia jasoko ere. Bakea nahi dugu eta horretarako urrats garrantzitsuena indarkeria eragiten dutenek beraien jarrerari amore ematea litzateke, edozein delarik eragile hori.
4. Ekintza hauen egilea ETA izan dela baieztatuz gero, baita bestelakorik baieztatuz gero ere, erakunde armatu horri armak utz ditzala eskatu nahi diogu beste behin ere. Indarkeriak, erailketek, jazarpenak eta mehatxuek ez dute gizarterik, ezta aberririk eraikiko.
5. Agiri honen bidez, Euzko Gaztedik (EGI) biktima guztiekiko elkartasuna adierazi nahi du, baita euren senitartekoekiko eta gizartearekiko ere. Azterketa politiko ororen gainetik, gizabanakoak daude, edozein delarik euren izaera edota jatorria. Halaber, demokrata eta bakezale orori atentatu krudel eta zentzugabe sorta honen aurkako ekitaldi eta bilkura guztietan parte har dezaten dei egin nahi diegu.