Ezagutzera eman

BERRIAK

2005/01/19



Getxon ETAk burututako bonba bidezko atentatua gaitzetsi nahi du Euzko Gaztedi-EGIk. Era berean, zaurituta gertatu zen Ertzainarekin bat egin nahi du.

Nabarmen geratu zen atzo beste behin ere ETAk herri honen borondateari uko egiten diola. “Herriak du hitza eta erabakia” aitatu izan dugu sarri batzuk eta besteok, baita ETAk berak ere, baino praktikan ez du berak halakorik ahalbidetzen. Herri honek bake eta normalizazioa lortuko baditu guztion partehartzearen bidez izango da.

Etorkizunerako proposamen sendo bat mahai gainean denean eta bakearen desioa inoiz baino hedatuago eta nabarmenagoa denean, indarkeria eta jazarpen mota oro geldi eta desager dadila eskatzen du Euzko Gaztedi-EGIk. Herriak bere iritzia ematea bideratuko duen prozesu bat abian den une honetan ulergaitz gertatzen da ETAren “ekarpen” hau. Euzko Gaztedi-EGIk behin eta berriz eskatu izan dio ETAri desagertu dadila eta herri honi jartzen dizkion trabak behin-betiko utz ditzala alde batera. Oraingoan ere berdin eskatzen diogu, behingoz herriak duen bake nahiari jaramon egingo dionaren itxaropenean.

Euzko Gaztedi-EGIk indarkeriak eragindako biktima guztiekiko elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi ditu beste behin ere.

Facebook