2005/02/25
Urte gehiegi daramatza gure herriak indarkeriaren eragin zitala pairatuz, urte gehiegi nonahi samina zabalduta. Euskal Herriak ez du aspaldian benetako bake iraunkorrik ezagutu. Belaunaldi asko izan dira orain arte elkarri aurre eginez aritu direnak. Anitz izan dira bidean geratu diren pertsonak. Indarkeriaren eraginez hildakoen senitartekoei, jazarpen mota ezberdinak jasan dituztenei, bizitza behin-betiko eta nahi gabe aldatu behar izan dutenei adierazi nahi diegu elkartasun osoa, hurbiltasun hertsia. Indarkeriaren erabilera egiten duen orori gelditzeko eskatu nahi diogu, armak eta beste tresna lazgarriak alde batera utz ditzala. Euskal Herriak bakean bizi nahi duela sarri adierazi du eta merezi dugulakoan gaude.
Oztopoak, baina, ugari dira. Alde batetik, ETAren indarkeria, inolako arrazoirik gabeko samina sortarazten duena, maila etiko zein moralean erabat deitoragarri eta salagarria erabat. Bestetik, eragile ezberdinek eragindako sufrimendua han eta hemen eskubideak urratuz. Giza eskubideak, izan ere, begirunez eta osotasunean zaindu beharrekoak baitira. Beste edozeinen aurretik, bizitzeko eskubidea. Horren baitan, gainera, bestelako guztiak: justizia, bizitza duintasuna, hizkuntza eskubidea, demokrazia prozesuetan parte hartzeko eskubidea, eta abar. Gaur egun, ordea, ezin esan genezake hauetako bakar bat ere osotasunean betetzen denik Espainiar Estatuan.
Egunotan ahotara ekarri dugu berriro 18/98 makro-sumarioa Hego Euskal Herrian. 7 urte badira prozedura bereziak epaitzeko sortutako Audiencia Nacional deritzon horretan gizarte honetako hainbat eragile salatu, atxilotu eta epaitzeko bidean jartzeko erabakia hartu zutenetik. Iragan larunbatean Donostian ekitaldia egin zuen 18/98 + lan taldeak eta hurrengo larunbatean Bilbaon manifestazioa egiteko deialdia luzatu du. Deialdi horrekin bat egin eta babesa adierazi nahi du Euzko Gaztedik, EGIk.
Ikuspuntu demokratikotik zuloz beteriko jardunbidea da 18/98 sumario hau, urteotan zehar begi-bistako gertatu den moduan. Auzipetuek berme juridikorik ez dute izan prozedura osoan zehar. Legeria nahi-erara erabili dute Espainiar Estatuko aginte ezberdinek. Atxilotuak ehunka izan dira eta espetxealdi prebentiboa behar baino gehiago luzatu da kasu askotan (bi urtetik gora ere bai). Gainera, ikertu gabe utzi dituzte makro-sumario honen ondorioz izandako tratu txar eta tortura salaketak. Ez al litzateke egokiago espetxealdi prebentiboak murriztea? Ez al litzateke hobea inkomunikazioa alde batera uztea? Ez al genuke ziurtasun gehiagorik izango tratu txar salaketei aurre egitean polizia-etxeetan kamerak izango balira atxiloketak irauten duen bitartean? Jarduera garbia duenak ezin izan dezake zalantzarik hiru galdera hauei erantzutean. Bai lehenengoari, bai bigarrenari eta bai hirugarrenari. Dagokien agintariei, beraz, bide honetan urratsak egin ditzaten eskatu nahi diegu. Ahotan izaten dugu maiz Zuzenbide Estatua eta honek bere izaerari ezin dio uko egin. Eskubideak eta berme juridikoak sendo eta tinko zaindu behar ditu Estatuak eta herri-aginteak oro har.
Esandako atxiloketa garaiko eskubide urraketa edota tratu txar salaketak ez dira, edozelan ere, kasu honetan izandako akats bakanak. Oraintsu hasi den ahozko ikustaldiak ere izan du berme urraketarik, hizkuntza eskubideen arloan esaterako. Espainiar Estatuko justizia sistemarekin ez gara fio, egia esan. Estatuak gardentasun osoz eta inolako zalantzarik sortu gabe bete behar ditu bere arautegian bildutakoak. Nolatan eskatu ezer gainontzekoei nork berea bete gabe? Zer esan aginteak bere bizitzako hainbat hilabete espetxean eman dituen pertsona errugabeari? Zail dugu sistema honengan sinesmenik izatea.
Demokraziak, Zuzenbide Estatuak une oro adierazi, erakutsi eta frogatu behar du bere izaera, inolako zalantzarik sor ez dadin. Espainiar Estatuak, ordea, frogarik gabeko salaketak ontzat hartu eta errudun jo ditu hainbat pertsona. Ez dute epaiketarik ere behar izan. Gaur egun euskotar orok frogatu beharra dauka bere demokrata izaera. Ez hori bakarrik, euskotarra izateaz gain euskalduna denak susmagarri kutsua hartuko du berehala. Hau gutxi balitz, euskal kulturaren alde edota hizkuntzaren alde lan eginez gero, tentuz ibiltzea komeni.
Horren aurrean Euzko Gaztedik – EGIk, zutitu eta ozen adierazi nahi du plantorako garaia heldu dela, ezin dugula onartu PPk abian jarri zuen politikarekin PSOEk aurrera egitea, ez dugula ontzat hartuko bere burua ezkertiartzat saltzen duenak eskuineko jokabideak jorratzea, legeria nahi-erara eta nork bere interesean erabiltzea ez dela zilegi, pentsamolde batzuk legez kanpo mantentzea ez dela onargarri.
Utz dezagun argi eta garbi adierazita delitua egin duenak espetxe zigorra merezi duela (bergizarteratzea helburu izango duen espetxealdia). Ez beza inork zalantza izan gure justiziarekiko begiruneari buruz. Benetako justiziak gure errespetu osoa izan du eta izango du beti. Izan ere, delituak delitu dira. Errudun denak ere badu eskubiderik, halere, defentsarako aukerarik, bizirauteko beharrik (18/98 makro-sumarioan oraingoz inor ez da errudun, denak dira errugabe bestelakorik frogatu ezean).
Gaurkoan Euskal Herriko gizartearen eskariaren isla agertzen ari garelakoan gara. Euskotarren gehiengoak garbi adierazi dio ETAri behin eta berriro gelditu dadin. Bestetik, euskotarren gehiengo zabal Zuzenbide Estatuaren benetako aplikazioa desio du. Lehenago aitatu ditugu hiru urrats demokrazia eta justiziaren garapenerako: espetxealdi prebentiboaren murrizketa, inkomunikazioa bertan behera uztea eta polizia-etxeetan kamerak jartzea. Hauez gain, beste urrats asko ere jorratu beharko dira: hizkuntza eskubideekiko begirunea, justizia jardunbideko bermeen zainketa, eta abar. Asko dugu egiteko. Esandakoak… eta gehiago.