2006/10/21
Pasadan urriak 20an, Euskal Herriko Alderdi Politiko dezberdinetako gazteek, SEGI, GA, Iratzarri, Ezker Batua gazteak, Abertzale Batasuneko GAzteak, EGK y EGI agiri bat siñatu zuten 18/98 makrosumarioaren inguruan eta datorren azaroaren 11ean ospatuko den BEC-en ospatuko den kontzerturako deialdia zabalduz.
Gazte garen heinean gure etorkizuna inolako oztoporik gabe nahi dugu eta horregatik lan egiten dugu. Hori dela eta ezin dugu onartu jendartearen zati handi bati ezarritako debeku eta eskubide zapaltze andana, gure etorkizuna ideologikoki murrizten ari baitira; jada esaten ari zaizkigu epaitegi politiko batzuetatik nola ezin dugun jokatu, zer ezin dugun amestu. Ez gatoz inoren ideiak defenditzera, edonork haiek izateko duen eskubidea baizik.
Esan bezala, ezin dugu onartu eta oldartu egiten gara horren aurrean. Oldartu egiten gara aukera politikoen espetxeratzearen aurrean, oldartu egiten gara eskubide zibil eta politikoen zapalketaren aurrean, oldartu egiten gara sistema judizial partzial eta politikoki interesatu baten aurrean,…
Une honetan Madrileko Auzitegi Nazionala horren guztiaren isla da, eta adibide argia du 18/98 makrosumarioan. Xahuketa ekonomiko larriaz gain eta aldez aurretiko kondena inposatzeaz gain bertan auziperatutako guztiei, justizia instrumentalizatuaren injustizia uzten du agerian. Gure etorkizuna gune hertsi batetan bihurtzen du, gu etorkizuneko eskubiderik gabeko pertsona bihurtu nahian.
Horregatik bat egiten dugu 18/98+ Lan Taldeak egiten duen lanarekin, hertsiduraren aurrean askatasun espazioak irabazteko bidean aurrera pauso garrantzitsuak eman baititu. Bai antolatu dituzten mobilizazio erraldoietan, bai Bat Egin Eguna bezalako ekimenetan, bai datorren Azaroaren 11ean BECen antolatzen ari den jaialdi handian.
Jaialdi horretan musika izango da nagusi, musika eta dantza; eta horrela aurre egingo diogu oraingo honetan injustiziari, alaitasunez eta argi eta garbi esanaz inork inoiz ezingo dituela hainbeste kostatu diren esparru libreak txikitu, guk ez baitugu onartuko.
Har beza beraz euskal gazteriak honako hau gure eskubideen defentsan mobilizatzeko dei ozen gisa. Ez baitugu ulertzen etorkizuna gu pertsona libre izan gabe.