2006/11/24
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA GEHIAGORIK EZ!
Gaur azaroak 25, Emakumeekiko indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu mailan, berriro ospatu nahi ez dugun egun hoietako bat; emakumeen giza- eskubideen urratzea oraindik ematen dela suposatzen duelako.
Euzko Gaztedik gaur ere, indarkeria egunero jasaten duten emakumeekiko solidaritatea berretsi nahi du, haien aurka egindako eraso fisiko zein psikologikoak gizabanakoaren oinarrizko eskubideen kontra egiten baitute. Historian zehar, batzuk bortxakeri mota hau justifikatzen saiatu dira arlo pribatuan gertatzen ziren arazoak zirela esanez; hala ere, azkenengo urteetan emakumeekiko indarkeriarekin amaitzeko pausu handiak eman dira bai arlo sozialean, bai arlo instituzionalean ere.
Zoritxarrez arazo larri hau ez da eremu geografiko edo kultura zehatz batera mugatzen, edozein herritan eta maila sozialean aurki daitezke indarkeri honen kasuak, betiere toki bakoitzeko berezitasunekin. Izan ere, emakumeak ez daude inon indarkeri honen arriskutik kanpo. Honek erakusten digu ustezko herri garatuetan ere askotan zaila dela emakumeen oinarrizko eskubideak babestea; hortaz, estatuko instituzioei eraso hauek desagertarazteko neurri eraginkorrak exijitu behar dizkiegu, bestela horien erantzule bihurtu ahal dira.
Emakumeekiko indarkeriaren jatorria, gaur egun ere, pairatzen duten diskriminazioa eta ezberdintasuna da gizonekin alderatuta. Hori dela eta, arazo honekin amaitzeko premiazkoa da sexuen arteko berdintasuna erreala sustatzea; eta horretarako guztiz eraginkorra izango da Eusko Jaurlaritzan onartutako Berdintasun legea eta zentzu berean lan egiten duten bestelako araudiak. Gaztediari gogorarazi behar diogu gizartea osatzen dugun gizon eta emakume guztiok berdinak garela eta eskubide berberak ditugula.
Orain guk ere indarkeri egoerak salatzeko aukera dugu; beraz indarkeria pairatzen ari diren emakumeek indarrik ez dutenean, auzartak izan behar gara eta tratu txarrak salatu behar ditugu! Bakarrik ez daudela erakutsi behar diegu, bizitzan aurrera egin dezaten ezkutatu gabe.
Ez ezkutatu, ez zaude bakarrik!
Emakumeen kontrako indarkeri gehiagorik ez!