Ezagutzera eman

BERRIAK

2007/01/24
Eusko Alderdi Jeltzalearen Aberri Batzarrak egin duen deialdiari jarraituz, Astelehenean arratsaldeko 19.30etan Bilbon egingo den Manifestaldian parte hartzeko gonbitea luzatzen du EGIk.
EBB 
Aberri Batzarra 

Konpromisoa demokraziarekin 

GURE ERAKUNDEEN DEFENTSAN 

Ez-ohiko bilkuran eta urgentean bildutako EAJ-PNVren Aberri Batzarrak kezkagarritzat jotzen du botere judiziala politika demokratikoaren esparruan gehiegi sartu izana. Horrek ordezkari diren erakunde publikoen erabaki-eremuak murriztu baino ez ditu egin, zutabe nagusi den Zuzenbide Estatuak bermatu beharko lukeena albo batera utzita, hots, euskal herritarren eskubideak zaintzea eta herri-subiranotasuna ziurtatzea. Legez kontra, justiziako ordezkari batzuek erakusten duten bizitza politikoaz jabetzeko nahiak erantzukizun politikoa bera kriminaliza dezake, herritarren nahia ordezkatzen duten erakundeentzat ondorio larriak ekarrita. Eta hori guztia, legea errespetatuta, herritarrek eman diguten erantzukizuna gauzatzeagatik. Horrela da, behintzat, Ibarretxe lehendakariaren aurka irekitako auzi penala. 

Demokraziaren oinarrizko zutabea botereen arteko banaketa da. Printzipio hori botereen mugak bermatzeko, zeregina ordenamendu juridikoan gauzatzeko eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko kontrolen zein elkarrenganako kontrapisuen sisteman oinarritzen da, eta Espainiako Estatuak bete-betean bortxatu du. 

Botereen arteko kontrolak ere sistemaren zati izan arren, Estatuko beste botereen gaineko –eta, bereziki, Exekutiboaren gaineko– kontrol judiziala ezin daiteke printzipio demokratikoak duen nagusitasunaren aurka gauzatu. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiko Zigor Arloko Salak interferentzia politiko garbia eragin nahi du, horretarako ekintza penalaz baliatuta, eta gobernari baten jarduera demokratikoa aldatuta. Kasu honetan, aldatu nahi duten jarduera Euskadiko erakundeen ordezkari behinenarena da; lehendakariarena, hain zuzen ere. 

Lehendakariari, elkarrizketa bat izateagatik, kargudun gisa auzitegian deklaratu beharra eskatzea, Lehendakariak berak ordezkatzen duen gizarte osoari egiten zaion erasoa da. 

Euskadi, euskal gizartea, kezka handiko eta bakea lortzeko bideak bilatzeko uneak bizitzen ari da, heldutasun demokratiko handiarekin eta zentzutasun eredugarriarekin. Hori dela eta, alderdi politikooi eta erakunde publikoei printzipio etikoetan eta demokratikoetan irmotasunarekin aritzeko eta gizartearekin zein horren etorkizunarekin konpromisoak hartzeko eskatzen digu. 

Demokrazian, politikan aritzea estu-estu lotuta dago elkarrizketari, eztabaidari eta akordioari. Eta, horrela ulertuta, arazoak konpontzeko tresnarik onena da. Desadostasun politikoak eta proiektuen zein proposamenen eztabaida, printzipio etikoetatik eta Zuzenbide Estatuaren joko-arauetatik abiatuta, ordezkari politikoek eta erakundeek adierazi eta gorde beharreko askatasun- eta demokrazia-adierazpenak dira.

 Ezagunak zaizkigu lan judizialak izan ohi dituen zailtasunak, baita epaileei zein magistratuei zuzendutako mehatxuak ere. Oraindik ere sentitzen dugu epailetzako kide ospetsuen heriotzak eragindako izua. Izan ere, ETAren indarkeriak atzera itzulerarik ez duen eskubide bakarra urratu zien: bizitza. 

Badakigu epaile askok, baldintza zailetan, zuzentasun goresgarriarekin burutzen dutela euren lana, independentziaren muga Zuzenbide Estatuaren printzipioak eta demokraziako arauak errespetatzean datzala pentsatuta. Eta, horregatik, gure errekonozimendua eta euskal gizarte osoarena daukate. 

Euskal herritarrek emandako aginteari modu arduratsuan aurre egiteagatik, Ibarretxe lehendakaria kriminalizatuta, botere judizialak esparru politikoa inbaditu izanak eragindako politikaren muturreko judizializazioak atsekabetuta, 

EAJ-PNVren Aberri Batzarrak, ez-ohiko bilkuran eta urgentean bilduta: 

1. Justiziaren politizazioa salatu nahi du; izan ere, politizazioak erakunde politikoen eta herritarren nahia zuzenean ordezkatzen dutenen zeregina mugatu nahi du. Era berean, Ibarretxe lehendakariari babes irmoa eta erabatekoa adierazi nahi dio, gure Herrialdean ekimen politikoa zuzentzeko daukan erakunde-ardura eta oinarrizko eskubideak baliogabetzeko asmoarekin, EAEko Auzitegi Gorenak bere aurka irekitako auzi penalaren aurrean. 

2. Politika bakean eta askatasunean oinarrituta gauzatu ahal izatea eskatzen du, judizializazioaren mehatxurik gabe; izan ere, konponbide justuak zein demokratikoak sustatzeko erakunde-ekintzak eta ekintza politikoak ezin dira legez kanpokoak izan, eta, are gutxiago, delituzkoak. 

3. Bakea ardatz izango duen Euskadiren etorkizunean konprometitutako herritar gisa, eta demokraziaren zutabeei, politika gauzatzeko eskubideari eta gure erakundeen balioari zuzendutako eraso judizial larriaren jakitun izanda, berehala lehendakariaren aurka irekitako auzi penala artxibatzeko eskatzen dugu. 

EAJ-PNVren Aberri Batzarrak eskubideak eta askatasunak bermatuko dituen eta demokrazia errespetatuko duen justizia eskatzen du. Auzitegiei gure askatasuna defendatzeko eskatzen diegu; hitz egiteko, elkarrizketak izateko eta ekintza politiko demokratikoa burutzeko dugun eskubidea. Inoiz ez diogu muzin egingo elkarrizketari, eta horren penalizazioaren aurrean gure ahotsak goratuko ditugu. 

Gure helburua ez da Juan Jose Ibarretxe defendatzea, oinarrizko printzipio demokratikoa defendatzea baizik. Elkarrizketa kriminalizatzeko mehatxuaren aurrean ekintza politikoa defendatuko dugu, demokrazian, inork igaro behar ez duen lerro gorria delako. Bidegabekeria horren aurrean, demokraziaren zutabeetan sinesten dugunok ezin dugu isilik geratu. Hori dela eta, Alderdi gisa inspiratu izan gaituzten oinarrizko balioengatik, gure ondare demokratikoagatik zein humanistagatik, demokraziaren eta Zuzenbide Estatuaren printzipioak urratzen dituen ekintza hau salatzen dugu. 

Sabin Etxean, 2007ko urtarrilaren 22an

Facebook