2007/11/23
Berriro ere heldu zaigu azaroaren 25a, Emakumeekiko Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, eta urtero egin izan duen moduan gizartearen gaitz honen kontra agertuko da Euzko Gaztedi-EGI beste behin ere.
Emakumeen aurkako indarkeria zergatik ematen den aztertzean, lehenengoz eta behin kontuan izan behar dugu indarkeriak orokorrean izan duen gorakada. Genero indarkeriarekin batera bestelako indarkeria motak hedatuz joan dira, hala nola gazteen arteko indarkeria. Testuinguru honetan egia borobila da indarkeriak indarkeria dakarrela.
Bestaldetik, emakumearen askapen sexuala ekuazio horretan ere sartu behar dugu. Azkenengo hamarkadetan emakumea mundura atera da hainbat arlotan, eta horien artean sexua ere aurkitzen da. Gaur egungo emakumea askoz liberalagoa da, baina hainbat gizonek ez dute hori onartzen edota ulertzen. Beraz, egun honetan ezin ditugu delitu sexualak alde batera utzi, (sexu-erasoak, bortxaketak, sexu- jazarpena) horiek ere emakumeekiko indarkeria baitira, batzuentzat bigarren maila batean agertzen badira ere.
Emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko martxan jarri diren neurri legegile eta judizialek momentuz ez dira nahikoa izan. Honek emakumeen aurkako indarkeria mantentzen duen zikloa irekitzen du: alde batetik, tratu txarrak ematen dituzten gizonek ez dute legearen indarra sentitzen, emakumeen hilketak mantentzen direlarik. Ziklo honekin jarraituz, emakume askok jasandako tratu txarrak ez dituzte salatzen babesgabeak sentitzen direlako, eta salatzera ausartzen direnak askotan biktima izateaz gain, hori frogatu behar dute.
Egoera latz hau aldatu beharra dago eta horretan lagungarri izan ahal diren neurriak martxan jarri daitezela exijitzen du Euzko Gaztedi-EGIk: erakundeen arteko koordinazioa (Ertzaintza, udaletxeak, diputazioak, epaitegiak), protokoloetan parte hartzen duten profesionalen espezializazioa eta azkenik, emakumeentzako doako baliabide gehiago (harrera- pisuak, laguntza psikologikoa...).
Amaitzeko, aipatu behar dugu emakumeen aurkako indarkeria gazteen artean ere ematen dela, gaztediaren artean gizon eta emakumeen arteko berdintasuna onartuta dagoela pentsatzen badugu ere. Gazteen arteko harremanetan askotan nabarmena da oraindik ezberdintasun eta indarkeri egoerak ematen direla, beraz ez gaitezen konformatu edo erlaxatu. Emakumeen aurkako indarkeria eta sexu- indarkeria salatzen jarrai dezagun, ez gaur bakarrik, urtean geratzen diren 364 egunetan ere.
EMAKUMEEKIKO INDARKERIA, NOIZ ARTE?
Euzko Gaztedi EGI-ko Gizarte Lan taldea Jon Koldo Arteaga, Izaskun Etxebarria, Imanol Urrutxua eta Miren Saratxaga