2008/01/23
Espainiar Estatuko justizia sistemak epaiketa politikoa egin du berriro ere. Desagerrarazi egin du teorian baino existitzen ez den botere-banaketa, eta alde batera utzi du benetako justizia.
Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak aste honetan amaitu du ultraeskuineko Manos Limpias elkarteak abiarazitako prozedura. Bere ebazpenean desmen egite delitua egotzita kondenatu ditu bai Eusko Legebiltzarreko presidente ohi Juan Mari Atutxa, baita berarekin batera Legebiltzarreko mahaikide ziren Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao ere.
Kasu honen garrantziaren adierazgarri da Auzitegi Goreneko zigor-arloko salaren osoko bilkura behar izan dutela “Atutxa Auzia” deritzona aztertzeko eta epaitzeko. Osoko Bilkurak alde batera utzi ditu bai kondenatuen abokatuek absoluzioaren alde emandako argumentuak bai Espainiar Estatuko Auzitegi Goreneko fiskalak emandakoak, baita Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak berak duela hilabete eskas emandakoa bera, “Botin kasua”-n ezarritako jurisprudentzia alegia. Hori guztia, hain zuzen ere, hasiera-hasieratik Espainiar Estatuko eskuina ordezkatzen duten epaileek ezarri nahi zuten zigorra ebatzi ahal izateko!
Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenaren aginduak (Eusko Legebiltzarreko mahaiari emandakoak, alegia) urratu egin zuen botereen arteko banaketaren printzipioa eta, gainera, Eusko Legebiltzarraren araudiaren kontrakoa zen. Halaber, Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenaren aste honetako ebazpenak Eusko Legebiltzarraren autonomiaren kontra egiten du berriro ere, gure autonomiaren oinarriak astindu nahian. Espainiar Estatuko justizia sistemak horrelako estrategiak erabilita Eusko Legebiltzarrean jarduera politikoaren bidez lortu ezin dezaketena lortu nahi duela antzeman daiteke. Justizia interes politiko konkretuen mesedetan erabiltzeari benetan nazkagarria deritzogu!
Gainera, laster Ibarretxe Lehendakariaren aurkako auzia ere izango da. Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenaren aste honetako erabakiaren ostean, auzi horren emaitza zein izan daitekeen erraz aurreikus daiteke.
Amaitzeko, Euzko Gaztedi - EGIren izenean Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörr-i euren alboan gaituztela adierazi nahi diegu. Era berean, adierazi nahi dugu parte hartuko dugula hemendik aurrera Euskal Legebiltzarraren autonomia eta lehendakari zein mahaikideen alde egindako ekitalde guztietan.
Epaiketa politikorik ez!