Platonek zioen haitzuloan giltzapetuta zeudenentzat, errealitatea kanpotik zetorren argiak haitzuloaren horman proiektatzen zuen itzala zela. Hortaz, itzalak ziren errealitatea haientzat, eta ez argia eta haitzuloaren hormaren artean zegoena, benetan itzalak eragiten zituen hori.
Sozialista gazteak, JSE-Egaz, haitzuloaren mitoaren barruan bizi direla ematen du, eta errealitateak proiektatzen dituen itzalei bakarrik erreparatzen diete. Hau da, euren munduan bizi dira, eta euren izenak ere dioen bezala “(h)egaz doa gure irudimena”.
Bat batean ardura handiarekin agertu dira gaueko lokalak ixteko legearekin. Ondo dioten bezalaxe, lege hori 1997koa da, Eusko Legebiltzarrak onartutakoa. Bitxia da 1997an PSOE Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuan egotea, EAJ eta EArekin batera.
Eta denboran horrenbeste atzera egin barik, lokalak ixteagatiko protestak Gasteizen gertatu izana askoz ere bitxiagoa da, udal hori PSOEk gobernatzen baitu. PSOEren gazteriak ados ez dauden lege bat kritikatzen du bere alderdiak gogor betearazten duen bitartean, are gehiago, legea sortzearen erantzuleetako bat izanda gainera. Horrela haustura soziala dakarte, eta modu trakets eta baldarrean haustura horretatik etekin politikoa atera nahian dabiltza.
Gazte sozialistek EAJri ordutegien gaiari tinko heltzeko esaten diote, badela garaia. Egia da, ordua da, gaueko ohiturak eta jokamoduak aldatu egiten dira, eta ezin da horrelako arazorik sustatu. Lastima PSOEk bere jarrera hain argi erakustea eta borrokaren hain aldekoa izatea, herritarrak erabiliz etekina atera ahal izateko.
JSE-Egazek eta PSOEk euren hautua egin dute, eta ados ez dauden lege bat betearaztea hautatu dute, herritarrak erabat ahaztuta, malgutasuna eta, gaztelaniaz esaten den bezala, ezker eskua erabili gabe (ezker eskua! Bitxia benetan sozialistek esku hori ez erabiltzea) duintasunez egoera kudeatzeko. Eta egoera hori kudeatzeko, askotan, ez da gauza handirik behar, malgutasuna eta talantea edo borondatea soilik (hitz hori ere ez al zaizue ezaguna egiten?) egunerokoari aurre egiteko.
Bide batez, sozialista gazteek ba al daukate Udalhitzez zer esanik? Udalhitz EUDELek udal langileekin adosteko proposatzen duen hitzarmena da. Ez al dira gazte sozialistak hurrengoa gaueko lokalak ixteari buruz hurrengoa esaten dutenak?: “soluzio posiblea EUDELekiko hitzarmen batetik pasa liteke, udal guztietarako berdina izango den plangintza orokorra sortzeko asmoz” (tira, horixe bera diote, baina gaztelaniaz, jakina). Ba hori da hain zuzen ere Euzko Gaztedi-EGIk defendatzen duena, EUDELekin hitzarmenak betetzera, eta horregatik herritar guztiontzat hain garrantzitsuak direnez, EAJk hartutako erabakien alde dago gure gazte erakundea.
EAJk gobernatzen dituen udaletan Udalhitzen markoaren barruan adostasunak lortu dira, udal langileentzako baldintza onuragarriekin, eta enplegu duina sustatuz, gazteok gaur egun eskatzen duguna hain zuzen ere. PSOEk, aldiz, adostasun horiek arbuiatzen ditu krisialdian horrelakorik onartezina delakoan. Krisialdian PSOEk herritarrak ahazten al ditu? Agian hori ere ez da kasua, eurek gobernatzen dituzten udaletan, Barakaldo adibidez, Udalhitzek zehaztutako baldintzak betetzen dituzten akordioak sinatu baitira, hori bai, Udalhitz izena jarri barik.
Zer nahi dute? Errealitatea euren irudira moldatu? Ez al dira banaketa soziala sustatzen ari etekin politikoa lortzeko asmoarekin bakarrik? Hori al da arduraz eta herritarren alde gobernatzea?
Ilunak eta argiak, argi ilunak. Zein errealitatetan bizi dira sozialistak? Platonek ere kostaka asmatuko luke.
- Euzko Gaztedi-EGIren Aberri Batzordea -