2009/02/03
Euzko Gaztedik azaldu duenez, Juan Carlos I.ak hurrengo euskal hauteskundeei buruz esan duena "larria da oso eta errealismo politikotik kanpo geratzen da". EGIk gaineratu duenez, Patxi Lopez da PP eta PSOEren arteko paktua ikusten ez duen bakarra, erregeak laudatzen duen akordioa hain zuzen ere. Sozialisten eta Popularren aldetik gezurrak baino ez ditugu ikusten. Beraien helburu bakarra Ibarretxe Ajuria Eneatik ateratzea da.
Azken egunotan prentsan argitaratutakoaren arabera, Juan Carlos I.ak, Patxi Lopezi animoak eman dizkio ("Patxi, ea noiz irabazten diezun 30 urte gobernuan daramaten hauei!"), eta Antonio Basagoitiri ere aholkuak eman ("zuek Patxiri eman behar diozue laguntza") hurrengo euskal hauteskundeetarako.
EGIk hurrengo galderak botatzen ditu nahi duenak lekukoa har dezan: nor da Juan Carlos I euskal hauteskundeei begira bere nahiak azaltzeko? Nork berresten du Juan Carlos I bere karguan? Herriak bozkatzen al du lau urtero?
EAJ-PNV euskal erakundeen aurrean egon da 30 urte luzez herriak hala nahi izan duelako, lan ona egin duelako eta hauteskunde asko irabazi dituelako. Espainiako erregeak ezin du gauza bera esan, bere kargua erreferendum baten onetsia izan zelako, behin bakarrik, orain dela 30 urte hain justu, Francoren oinordetza jasoz.
Hortaz, Euzko Gaztedik "Espainiako monarkiaren interbentzionismoa" salatzen du, eta euskal herritarren arreta deitu nahi du Ibarretxeren gestio onaren alde egin dezaten berriro ere. Martxoaren 1eko hautestontzietan dute horretarako aukera.