2009/02/04
"Gaitasuna, zintzotasuna eta herria eraginkortasunez gestionatzeko eta zuzentzeko esperientzia frogatua duen liderra". Hitz horiekin goraipatu zuen EBBko presidenteak, Iñigo Urkullu, Ibarretxe Lehendakaria bera eta bere baloreak. Arabako EAJ-PNVren hautagai-zerrendaren aurkezpenean esan zuen, urtarrilaren 29an, Gasteizko Europa Kongresu Jauregian.
Iñigok hiru gako eman zituen: konfiantza, lidergoa eta borondatea. EAJ-PNVk badaki gauzak Euskaditik egiten, eta burua Euskadin jarrita, hala esan zuen. Beste batzuen kasuan ez bezala, ez ditu inork gure pausuak gidatzen urrutiko kontrolarekin. Gurea JAKIN ETA EGIN.
Lehendakaria, hautagai arabarra dena, ekitaldira heldu zen euskal clusterrekin batzarra izan eta gero. Horiekin enplegua sustatzeko eta Enplegua Erregulatzeko Espedienteen ondorioz kaltetuak izan direnei laguntzeko neurriak hitzartu zituen. Beti bezala, bikain.
Edozeren gainetik, Araba, Laudio eta Aiarako semea dela esan zuen harrotasunez, eta lurraldearekin zerikusia duen proiektua jarri zuen mahai gainean: GASTEIZ HIRIBURUA. Ibarretxeren hitzetan, garapen politikoa, ekonomikoa eta Euskadin eman diren aurrerapen sozialak ezin dira ulertu materia horiek guztietan Arabak eta Gasteizek izan duten lidergoa ulertzen ez bada.
Publiko eta pribatuaren arteko aliantzaren aldeko apustua egin zuen Ibarretxek, autogobernua eta prestakuntza erabili gaur egungo egoera ekonomikotik indartuta ateratzeko.
Ibarretxeren bidaia lagunok gizarteari konpromiso bat eramateko aukera izan genuen. Konpromiso pertsonala, herritarrekin partekatu nahi dugun konpromisoa.
Pili Garcia de Salazarrek berrikuntzan jarraitzeko beharrarekin hartu zuen konpromisoa, herria eraikitzeko beharra, teknologia berrien oinarriarekin ez ezik, ahalegin indibidualarekin eta eguneroko lanarekin ere.
Javi Carrok ez zuen aukera galdu nahi izan, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonala argi utzi nahi izan zuen, baita EAJ-PNVrena ere. Gizartearekiko konpromiso sakona ere azpimarratu zuen, adinekoekikoa, gutxituekikoa, ezinduekikoa, etorkinekikoa...
Garbi Saezek, bere aldetik, gazteen arazoak konpontzeko soluzioak bilatzeko ardura hartu zuen. Emantzipazioa, lan duina, askatasuna, prestakuntza... Horiek dira adorearekin jorratuko dituen esparruak, gaztea delako.
Nerea Antiak guztien Giza Eskubideen defentsaren aldeko konpromisoa berretsi zuen, bazterkeriarik gabe, urteak baitaramatza horretan aktibista lanetan. Guztion artean guztientzat izango den biolentziarik gabeko herria eta mundua bilatzen jarrai dezagun edo, beste era batean esanda, bidezko bake iraunkorra.
Arabako Ahaldun Nagusiak, Xabier Agirre, langile nekaezina, Euskal Erakundeetatik lan egiteko konpromisoa aldarrikatu zuen, ahalik eta ongizate gradurik altuena lortu ahal izateko gure herrikide guztientzat.
Jone Berriozabalek gure herriaren identitatearekiko konpromisoa hartu zuen. Kalitatezko irakaskuntza eleanitzaren alde lan egiteko konpromisoa, gure ondarea babesteko, gure kultura sustatu, garatu eta zabaltzeko, euskararen aldeko pausuak emateko konpromisoa gure gizartean elebitasun erreala eta orekatua lortu ahal izateko.
Mikel Martinezek, bere lan politikoarekin, demokrazia partehartzailerako bide berriak irekitzen lagundu nahi du, politika bizitzeko modu berriak bilatu, herritarrek bere iritzia emateko eta kontuan hartuak izateko kanalak gauzatu.
Iñaki Gerenabarrenak, EAJ-PNVren presidentea Araban, hautagaien atzean gizartearekiko hartu ditugun konpromiso guztiak onartzen dituen alderdia dagoela gogoratu zuen.