Ezagutzera eman

BERRIAK

2009/02/05
Ibarretxek, aste honetan, langabeziaren kontrako, enplegua sortzeko eta enpresak finantzatzeko neurri gehiago hartuko dituela iragarri du.
Juan José Ibarretxe lehendakariak jakinarazi duenez, langabeei eta enpresei lagundu behar zaie, ez hauteskunde kanpainan egoteagatik. Ildo horretatik adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak langabeziaren kontrako, enplegua sortzeko eta enpresak finantzatzeko neurriak hartuko ditu hauteskundeak baino lehen ere; aste honetan bertan, bihar, Batzorde Ekonomikoan.

Hartara, nabarmendu du euskal erakundeek baliabideak eta ideiak dituztela, eta inbertsio publikoaren aldeko apustua berretsi du. «Lehengo lekura lehenago itzultzeko, ez dugu alde batera utzi behar proiektu estrategikoekin lotutako inbertsioa; hala nola, berrikuntzarekin, internazionalizazioarekin, eta osasungintza, hezkuntza eta gizarte zerbitzuekin lotutakoa», esan du.

Ibarretxek Donostiako Aquariumean esan du hau dena, EAJren Gipuzkoako hautagaiak aurkezteko ekitaldian. Ekitaldi horretan ziren, era berean, EBBko presidente Iñigo Urkullu eta GBBko presidente Joseba Egibar eta Gipuzkoako EGIko bi hautagai gazteak ere, Kerman Orbegozo eta Miren Martiarena.

Facebook