2009/03/30
Europarentzat abantaila eta konpromezu partekatua dakarren ebazpen hau aprobatu zen EAJ-PNVko Eurolegebiltzarkidea den Josu Ortuondoren partaidetzarekin.
Ebazpenak gogorarazten digu eleaniztasuna gizon eta emakume guztion oinarrizko eskubidea dela, Giza Eskubideen Gutunean 21 eta 22 artikuluetan jasota dagoena, alegia. Horrekin batera, eleaniztasunaren helburua, aniztasunaren errespetua eta tolerantziaren alde egitea izan behar duela azpimarratzen du.
Europar Legebiltzarrak dokumentu horretan adierazten du eleaniztasuna babestea funtsezkoa dela batera existitzen eta erabiltzen diren hizkuntza ofizial bi edo gehiago dauden herrialdeetan; hizkuntza horiek ondare - kulturalak diren heinean zaindu eta mantendu behar direlako.
Kontuan izan behar dugun beste aspektu bat, eta dokumentuak ere biltzen duena, immigranteekiko modu arduratsuan jokatzeko beharra da; harrera-herriaren hizkuntza eta kultura ikasteko baliabideak emanez; beti ere, haien hizkuntza propioa mantenduz. Hau da, hain zuzen ere, aurtengo Korrikaren helburua eta leloa; Euzko Gaztedi -EGIk ere aldarrikatzen duena, modu horretan bakarrik immigranteen integrazioa lortu ahal izango baitugu.
Berriro ere, hizkuntzen irakaskuntzarako eredu berritzaileen sustapena eta babesaren garrantzia adierazten du; hala nola, hirugarren hizkuntza baten irakaskuntza hezkuntza sistema barruan sartzea. Gomendio hau Eusko Jaurlaritzak dagoeneko abian jarri izan du, Ikastolen Konfederazioarekin batera "Eleanitz" proiektua garatzeko sinatutako hitzarmenarekin.
Etxean euskal hezkuntza eta hizkuntza ereduak edozein modura aldatu nahi dituen alderdi berberak, Europan hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten Estatuetan eleaniztasuna bermatzeko beharra antzematen du, batez ere justizia, osasuna, administrazioa eta enplegu sektoreetan. Hori bai koherentzia falta! PSOE-ek berriro ere barne- kontraesanak erakusten ditu, ez estatu mailan soilik, europar mailan ere.
Euzko Gaztedi -EGIk pozez hartzen du Europar Legebiltzarrak onartu berri duen ebazpena, gure erakundeak betidanik aldarrikatu eta babestu dituen euskaldunon hizkuntza eskubideen aitorpena baita. Gutxi batzuk eskubide horiek ahuldu nahi badituzte ere, Euzko Gaztedi - EGIk lanean jarraituko du gure herriaren hizkuntzak erabilera politikoa eta alderdikoia izan ez dezan.
Amaitzeko, Euzko Gaztedi - EGIk estatuko alderdi politikoei gaurtik aurrera Europar Legebiltzarrak egindako gomendioak susta ditzaten exigitzen die.