Ezagutzera eman

BERRIAK

2009/05/28
Euskaltzale guztiok dakigun bezala, igande honetan Bizkaiko Ikastolen Elkartearen jaia izango da Galdakaon, Ibilaldia alegia.


Isabel Celáak, Hezkuntza sailburua, Ibilaldira joateko asmorik ez duela esan du, egun horretan bertan euskal sozialistek “Arrosaren Eguna” ospatzen dutelako.

EGIk utzikeria hori salatu nahi du hain zuzen ere. Kargu publiko batek, bere arloan antolatzen den ekitaldi handi batera joateko ardura dauka. Baina ez hori bakarrik, are mingarriagoa da bertara ez joatea alderdikeria hutsagatik, bere alderdiak antolatzen duen jaira joateagatik.

Hori da PSEk euskararekiko eta euskaldunekiko agertzen duen jarrera, hutsala, ez digute garrantzirik aitortzen. Baina larriagoa da hau ez baita lehen aldia izango: maiatzaren 10ean izan zen Herri Urratsean ez zen gobernuko ordezkaritzarik joan, historian lehenengoz.

Euskaltzaleek horrelako jaiak antolatzen dituzte eta gizartearen babesa behar dute. Gobernuak babes hori sustatzeko erantzukizuna eta ardura dauka, hain zuzen ere jendea jai horietara joaten animatzeko. Euskara guztiona da, eta alderdien interesen gainetik dago.

Euzko Gaztedik, amaitzeko, gogoratu nahi du gure euskararen eta euskaldunen arteko konpromisoa sendoa dela, eta herritar guztion ondarea dena tinko defendatzen jarraituko dugula.

Facebook