2009/10/14
Herri honetan aurrera egiten ari garela ematen duen bakoitzean, ETAren edo Estatuaren indar errepresiboek, larderia edota euren boterea erabiliz, kolpatu egiten digute herritarroi gure bake gosea.
Egungo egoera politikoan, eta Batasunaren azken mugimenduak ikusita, testuinguru paregabea zirudien Batasunaren munduak behin betiko bere politikagintzarako nahia eta gogoa adierazteko, anbiguotasun barik. Euren barne eztabaidak bide horretatik zihoazen esperantza geneukan herritarrok.
Baina beste behin ere, zer gerta zitekeen jakin gabe geratu gara, Estatuaren indarrak moztu egin duelako bide hori jarraitzeko edozein esperantza, herritarrek elkartu eta hitz egiteko dituzten eskubideak urratuta.
Zer da Estatuak benetan nahi duena? Zer da ETAk benetan nahi duena? Batak besteari leporatzen diotena ari dira egiten: euren interesak bakarrik bilatzen ari dira, herritarrok alde batera utzita.
ASKI DA! Benetako bake prozesua nahi dugu, benetako bake prozesu bat hasi ahal izateko baldintza guztiak bete daitezen aldera, ageriko interesa eta ardura nahi ditugu ETA talde terrorista eta Estatuaren aldetik. Borondate zintzoa nahi dugu.
Azkenik, nola ez, ez dugu aukera galdu nahi ETAri behin betiko armak utz ditzala eskatzeko, bidegabekeria honek ez baikaramatza inora.
Bakea eta demokrazia behar ditugu.