2009/10/15
Jakina zen Lopezen gobernuak Euskadiko lurralde-ordezkaritzak ez zituela gustuko, eta nahiago duela Espainiak markatu eta zehazten dizkion mendekotasunaren uretan igeri egitea.
Bada mendekotasun hori berriro ere, eta euskaldun guztion zoritxarrerako, baieztatu egin digu Guillermo Echeniquek, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzarako idazkari berria.
Munduan zehar hamaika ordezkaritza izatea zen aurtengo helburua, baina gobernu berriak bost baino ez ditu utziko, eta aurrekontua %40 jaitsi.
Hori guztia gutxi balitz, eta idazkariaren hitzetan, ez dute aparteko ahaleginik egingo Iparralderekin elkarlanean aritzeko, eta are gutxiago Nafarroarekin.
Argi dago zein den asmoa. Euskaldunon ahotsa isildu nahi dute munduan, Espainiakoarekin urtu azukre koskortxoa lez, eta euskaldunok pairatzen dugun zatiketa administratiboan sakondu, Euskararen Herria osatzen duten beste lurraldeekin harremanik sustatu gabe.
Eusko Jaurlaritza tresna bat da PSOEren eskuetan, baina ez herritarron ongizaterako edota Euskadiko interesak ahalik eta hobekien defendatzeko tresna, ez horixe. Eusko Jaurlaritza Espainiako Erresumarekiko menpekotasuna eta estatuaren zatiezintasuna bermatzeko gailua baino ez da.