2009/11/18
Aurreko Gobernuak hamaika aldiz entzun behar izan zuen egunerokotasunari ez ziola aurre egiten, herritarren ohiko arazoak ahaztu egiten zituela alegia.
Bada atzo bertan, Legebiltzarrak Espainiako selekzioak Euskadin joka dezan eta Espainiako Buelta Euskaditik pasa dadin aldeko bozketa egin zuen, baita irabazi ere, gehiengo soziala zein den erabat ahaztuta, gobernu honekin ohiko bihurtzen ari den bezala.
Horiek al dira hainbeste aldarrikatzen zituzten ohiko eguneroko arazoak?
Ez daukate nahiko euskara baztertzearekin, ikurrina Ertzaintzaren uniformeetatik kentzearekin, EiTB suntsitzearekin, eta abar. Ez, hori guztia gutxi da eurentzat, eta egunero ari dira harri koskortxoak jartzen euskal identitatea, eta gizartearen gehiengoak sentitzen duena espainiartasunean urtzeko.
Euzko Gaztedi zur eta lur egongo da bidegabekeria hauek guztiak salatzeko, eta Lopezen gobernuari ez dio ezta hasperenerako astirik emango.
Azkenik, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egiten dugu beste behin ere. Abestiak dioen bezala, “zuri, gorri eta berde, gure koloreak, defenda ditzagun mundu guztian”.