2009/12/21
Euzko Gaztedik jakinarazi nahi du Espainiako erregearen mezua ETBk emititzearen erabakiak garbi uzten duela gobernu berriak euskal errealitateari oso urrundik begiratzen diola.
Berriro ere “normaltasun” hitz hutsarekin datozkigu erabaki hau justifikatzera. Baina normaltasun horren azpian euskal nortasuna identifikatzen duten ikurrak estaltzea dago, eta Espainiarenak goraipatzea.
Arraroa iruditzen zaigu, gainera, sozialista izena duen alderdi batek monarkiaren aldeko hain kanpaina garbia egitea. Euren buruei progresista deitzen dieten horiek, erakunde atzerakoi bati ematen diote babesa, demokraziaren antitesia den erakundea hain zuzen ere.
Azkenik, hori guztia gutxi ez balitz, EiTBren zuzendari den Alberto Suriok esan du gehiengo soziala ez dela gehiengo politikoa. Gaur arte gizarteak ez bazuen argi ikusten norentzat gobernatzen duen Jaurlaritzak, apur bat garbiago utzi dute, gehiengo sozialari bizkarra ematen diotela inolako lotsarik gabe adierazi baitute.