Ezagutzera eman

BERRIAK

2010/04/28
EGI EGKren testuari gehitu zaio
Apirilaren 28an, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna den honetan, gazteok pairatzen
ditugun lan baldintzak eta hauen ondorioz suertatzen diren istripu eta gaixotasunak salatzera gatoz berriro ere.

Soberan jakina da gazteok, lan baldintza kaxkarrenetarikoak sufritzen ditugula:
aldi baterakotasun tasa altuak eta behin behinekotasun kronikoa, langabezi tasa
bikoitza, lan sari baxuagoak, sistematikoki erabiltzen diren ez ohiko kontratazioa formulak (bekak, praktikak), lan karga astunak, ordutegi txarrak, gain kualifikazioa, negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomian ematen den enplegua, mugikortasun geografiko altua, azpi-kontratazioa... Hori gutxi balitz, krisiak egoera zeharo kaskartzea ekarri du, gazteriaren ia erdia lan merkatu araututik kaleratuz eta gainontzekoa kalitate are txikiagoko lan baldintzak onartzera behartuz.

Gazte izateak beste arlo batzuetan desabantaila bat suposatzen duen bezala lan osasuna eta segurtasunaren kasuan urraketa bortitzagoa dakar. Lan erritmoak eta prekarietateak eraginda egun pertsona gazte batek istripu bat izateko daukan probalitatea helduena bikoizten du eta istripuen tasa bere horretan dirau. Istripuez gain, gazteon osasunari kalte egiten dieten lan baldintzaz eta enplegu motaz ere ari gara. Enplegua integraziorako eta auto-errealizaziorako giltzarri izan baino, askotan isolamendua eta esplotazioa dakar eta honen eskutik gero eta arruntagoak bilakatzen ari diren gaixotasun biologikoak (bihotzekoak, giharretakoak, gastrikoak) eta psiko-sozialak (antsietatea, estresa, adizioak, depresioa) datoz. Testuinguru honetan eta jakinda bestelako faktoreen eraginez ere ematen den errealitatea dela, estatu mailan gazteen %8k depresioa duela eta gazteen artean suizidioa jatorri ez naturaleko lehenengoko heriotza kausa bilakatu dela esan beharra dago.

Ekonomia neoliberalaren lehentasun zerrendan etekinen pilaketa pertsonen bizitza eta osasunaren gainetik kokatzen den bitartean, langileon osasuna eta segurtasuna bermatzeko ardura duten Lan ikuskaritza eta Osalanen esku hartzea eskasa eta partziala dela salatu nahi dugu, tamainako aurrekontua eta politikak ez izateaz gain askotan arazoa bera eragiten duten baldintzak mantentzen laguntzen baitute.

Horregatik, ondoren sinatzen dugun erakunde eta elkarteek gazteon lan baldintzak eta lan osasuna hobetzeari begira, lan segurtasunari buruzko legediaren betetze zorrotza exijitu eta ondorengo neurriak hartuak izan daitezen eskatzen diegu administrazio eta erakunde arduradunei:

Gazteon lan osasunaren alde, prekarietatearekin amaitu
- Lanaldi murrizketa
- Ez ohiko kontratazio formulen gaineko ikuskaritza eta kontrola areagotzea
- Esku hartze handiagoa Osakidetzaren partetik gaixotasun laboralen detekzio eta tratamenduan
- Enpresetan, lanaren desintentsifikaziorako neurriak martxan jartzea
- Lanpostu bat betetzeko eskatzen den kualifikazioa eta hau garatzeko beharrezkoa denaren arteko oreka mantentzeko kontrol mekanismoak ezartzea
- Azpi-kontratazioa eta behin behinekotasuna mugatzea
- Aparteko orduekin bukatzeko neurriak abian jartzea
- Zaintza lanen errekonozimendua eta arautzea
- Goi mailako ikasketak eta lana modu jasangarrian bateragarri egitek bitartekoak eskaintzea
- Enpresek, gazteen parte hartze laborala eta sindikala ahalbidetzea, horretarako baldintzak eta bitartekoak eskainiz
- Enpresek lanpostuaren onurarako izan ohi diren jakintzetan trebatzeko bitartekoak (denbora eta dirua) bere gain hartzea
- Kontratazio sisteman langileen negoziaziorako gaitasuna arautzea
- Ordezkapen kontratuak bultzatzea


*EGK, CCOO, LSB-USO, HIRU, Garraiolari Autonomoen Sindikatua, LAB, ESK, ELA, Iratzarri, Berri Otxoak, Euzko Gaztedi-EGI, JOC, Aralar, Gazte Komunisten Kolektiboak, EB Gazteak, Sare Antifaxista, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, GKB-UJC Euskal Herria, Ezker Gogoa, Euskalerriko Eskautak Araba.

Facebook