1949tik ospatzen den egun honetan, Euzko Gaztedik bere euskararen aldeko konpromiso sendoa berretsi nahi du.
Gure hizkuntza ez da bakarrik txakurrari edo umeari aginduak emateko hor bazterrean erabiltzeko hizkuntza. Euskara komunikazio tresna sakona, osoa eta erabilgarria da: sentimenduak adierazteko, lanerako, doktore tesiak idazteko, e.a.
Baina, 2010 urte honetan gaudela, euskararen ezagutzaren arloan aurrera pausu izaugarriak eman baditugu ere, oraindik erabileraren erronka latza daukagu aurretik. Belaunaldi berriei gure hizkuntzaren balioa ikusten irakatsi behar diegu, hor baitago gakoa, norberak ikusi behar du euskararen erabilgarritasuna, balioa eta ezaugarri berezia, euskaldun egiten gaituen ezaugarri berezi hori.
Bide horretan, lehenik eta behin, Euzko Gaztediren aburuz, behar-beharrezkoa da gure hizkuntzari prestigioa ematea. Euskarak gizarte osoaren babesa behar du, eta gizarte horren babeserako, Euzkadi zatitzen duten administrazio ezberdinetan dauden erakundeek eta alderdi politiko guztiek eman behar diote euskarari berez daukan balioa. Keinu sinple horretatik eratorriko da gero gizartearen eta eragile sozialen babesa.
2010ean ez da zilegi:
- Euskara inposatzen dela entzutea. Inposaketarik balego, Euzkadiko edozein txokotan arazorik gabe erabili ahal izango baikenuke gure hizkuntza, eta inork esan al dezake hori posible denik?
- Euskara lana lortzeko den bitarteko bezala ikustea, gerora euskara ahaztea ahalbidetzen duena. Euskara hori baino askoz gehiago da, eta euskaldunok lagundu behar diegu euskaldunak ez direnei euskarak erakusten digun paisaia ederra ondo ikusten.
- Mito zaharrak entzuten jarraitzea: D ereduan ikasten dutenek gaztelaniaz idazten ez dakitela dioena edo euskaldunzaharrek ere EGA ateratzea ia ezinezkoa dela dioen beste hura. A ereduan ikasteak ere, ez du bermatzen horren aipatuak diren ortografia falta horiekin amaitzea (gaztelaniazko faltak bakarrik garrantzitsuak izango bailiran). Ez legoke gaizki aztertzea lan baterako hautaketa frogetan zein emaitza egongo liratekeen gaztelania azterketak eginez gero.
- Nafarroa eta Iparralden euskarak pairatzen duen bazterkeria. Gaur egun, adibidea jartzearren, bertako ikastolek ez dute EAEren Kultura Sailak hitzartutako dirulaguntza jaso.
- EAEn bertan, Lopezen Gobernuak hitzen eta ekintzen artean erakusten duen aldea. Adibidez, 22 hilabete darama Euskararen Aholku Batzordeak bildu gabe, Ibarretxe lehendakari zenetik. Gobernuak ez dauka euskararen aldeko konpromiso sendorik, eta lehendakaria bera da islarik garbiena.
Hortaz, laburbilduz, gaur euskaldunok euskararen biziraupena ospatzeko eguna dugu, baina baita ahotsa altxatzeko eguna ere, entzunak izan nahi dugulako, eta euskaraz entzun gaitzaten nahi dugu.