Ezagutzera eman

BERRIAK

2011/03/03
Gaur 35 urte betetzen dira Fragak (orduko poliziaren arduraduna, Franco hilda zegoenean) eliza barruan greba egiten ari ziren langileeak tirokatzeko agindua eman zuenetik.

Franco 1975ean hil egin zen arren, indarkeria eta errepresioa ez ziren diktadorearen heriotzarekin batera amaitu. Horren adibide, 1976ko martxoaren 3an jazotako barrabaskeria izan zen.

Laburrean azalduko dugu, Interneten hainbat informazio aurki baitaiteke gertakizun tamalgarri horretaz.

Hirugarren greba orokorra zen hilabete gutxitan, soldata topeak eta langileentzako beste hainbat murrizketa ezarri nahi zituen dekretu baten aurka. Gasteizen langileen batzar bat deitu zen San Frantzisko elizan, eta poliziak eliza husteko agindua eman zuen, abadearen iritziaren aurka.

Minutu batzuk beranduago sartu egin ziren bortizkeria handiz, eta tiroak ere bota zituzten. Bost hildako egon ziren, 60 zauritu larri baino gehiago (bala zauriekin gehienak) eta beste ehundaka zauritu gehiago, ez hain larriak.

Fraga zen Barne ministroa garai hartan, eta Fraga da gaur egungo alderdi politiko baten ohorezko presidentea.

Gaur egun, PPk alde bakarreko biktimei bakarrik so egiten die, baina herri honek asko sufritu du, eta Euzko Gaztedik ez du malko bakar bat ere ahaztu nahi. Biktimak, biktimak dira eta ez du balio beste alde batera begiratzeak horien koloreari erreparatuta.

Gure besarkadarik zintzoena orduan hil ziren bost gazte hauen familiei. Guk ez ditugu ahaztuko:

- Pedro Maria Martinez Ocio (37 urte)

- Francisco Aznar (18 urte)

- Romualdo Barroso (19 urte)

- José Castillo (32 urte)

- Bienvenido Pereda (30 urte)

Facebook