Ezagutzera eman

BERRIAK

2011/03/08
Gazteak dira, eta emakumeak. Horrez gain, EAJk erronka handia jarri die aurretik, herriaren ordezkari izatea hurrengo hauteskundeen ostean. Gaur, martxoak 8, merezi du eurek zer pentsatzen duten irakurtzeak.

Izena:  Nahikari 

Abizenak: Otermin Soroa

Adina: 29 urte

Lanbidea edo ikasketak: Ikasketak: Sistemen Informatikan Ingeniaritza Teknikoa eta Musika irakaslea. Programatzaile moduan egiten dut lan orain.

Non bizi zara? Trintxerpetarra izan arren, momentu honetan Errenterian bizi naiz, baina beti ere Pasaiari begira.

Kargurik? Ez (momentuz!)

 

- Gipuzkoako batzar nagusietarako zerrendetan zoaz EAJ alderdiaren barruan. Zer pasatu zitzaizun burutik enteratu zinenean?

“Baño zertan ai zea!”. Aurreneko aldiz zure izena zerrenda batean ikusteak ematen duen inpresioaren ondoren, gogoz eta ilusio handiz hartzen dut erronka hau.

 

- Batzar Nagusietarako zerrendetan joaetaz gain, Pasaiako alkategaia zara. Nola bizi duzu erantzukizun hori?

Ilusioz beterik. Pasaian gauza asko daude oraindik egiteke, eta errespontsabilitate handia da Pasaiako eraberritze prozesu honetan parte hartu ahal izatea. Hurrengo lau urte hauek erabakitzaileak izango dira bai Pasaia eta bai Gipuzkoaren etorkizunean, eta ni hor egongo naiz, buru-belarri lanean.

 

- Zein da, zure ustez, Gipuzkoak aurretik daukan erronkarik handiena?

Edozein krisiren ondoren, eszenatoki berri bat sortzen da. Eszenatoki berri horrek ekarriko dituen berregituratzeetan izango dugun jarrera hartzeak, garrantzia handia izango du Gipuzkoarentzat. Orain arte gauzak ondo egin ditugu, eta bide horretan jarraitu beharko dugu. Honekin lotuta, nik berdintasuna ere aipatuko nuke, baina ez gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, pertsonen arteko berdintasuna baizik. Gipuzkoa denok osatzen dugu: Gipuzkoan jaioak, bizitzak Gipuzkoara ekarri dituen etorkinak… Erronkak denon artean ateratzen dira aurrera, sexu, erlijio, arraza edota ideia politikoen gainetik.

 

- Gaia aldatuz, nola ikusten duzu emakumearen egoera orain? Nahiz eta gaztea izan, zure esperientzia pertsonalean oinarrituz, alderik edo aurrera pausu nabarmenik igarri duzu? 

Gero eta gutxiago harritzen gara emakume bat goi kargu batean ikusten dugunean. Gizon baten nagusia emakumea izan daiteke eta hori gero eta naturaltasun handiagoz ikusten dugu. Horrek gauzak aurrera doazela esan nahi du, baina oraindik ere asko dago egiteko.

 

- Nola deskribatuko zenuke zuk berdintasuna?

Pertsonei aukerak ematen dizkiegunean sortzen da berdintasuna, ez aukerak gizonei ala emakumeei ematen dizkiegunean.

Pertsonak baloratu behar ditugu, sexuaren gainetik.

 

- Zein da emakumeek gaur egun emakume izateagatik bizi duten arazorik larriena edo larrienetarikoa? Badauka konponbiderik epe laburrean?

Konfiantza falta. Jende askok oraindik pentsatzen du gizon batek hobeto egingo lukeela lan, batez ere lan hori, historikoki “gizonezkoen lana” izan bada. Enpresa gehienetan nagusiak gizonezkoak izaten dira. Zergatik? Lan hori hobeto egiten dutelako? Ala gaitasun bereko emakume bati aukera hori eman ez zaiolako? Ni ez naiz esaten ari emakumeok lana gizonek baino hobeto egiten dugunik, ezta gutxiagorik ere. Lana BERDIN egiten dugu. Pertsonak dira lan bat beste batek baino hobeto edo okerrago egingo dutenak, ez gizonak edo emakumeak. Zergatik ez dago orduan berdintasunik gizon eta emakume kopuru horien artean?

Nik uste gutxika-gutxika hori aldatzen ari dela, oso poliki bada ere, eta hezkuntzan dago gakoa. Helduak berriro heztea ez da lan erraza, baina umeak berdintasunean hezten baditugu, berdintasuna naturaltasun osoz ikusiko dute. 


- Alderdi politikoetan (edo bestelako erakunde edo enpresetan) emakumeen kontrako bazterkeriarik bizi daiteke oraindik? Zertan?

Begira, nik ia 30 urte dauzkat, nire bikotearekin bizi naiz, eta ziur nago enpresari batek baino gehiagok ez lidakeela lanik emango horrexegatik: familia eduki nahi dezakedalako. Gizon batek ez dizkie horrenbeste “arazo” ematen, eta curriculum beraren aurrean, lanpostua gizonezkoak eramango luke. Amatasun baja bat e.a. ez dira enpresari baten agendan sartzen.

 

- Azkenik, bukatzeko, zer mezu bota nahi zenieke Euskadiko emakume gazteei?

Aurrera jarraitzeko. Ez daitezela “emakume izatearekin konformatu”. Aurretik beste emakume batzuek ireki dizkiguten ateei eusteko guk ere atzetik datozenei ate gehiago irekitzeko.  

 

_______________________________________________________

 

Izena: Tatiana 

Abizenak: Muñoz Herrezuelo

Adina: 26 urte

Lanbidea edo ikasketak: kazetaria

Non bizi zara?  Bilbon 


Bizkaiko Batzar Nagusietarako zerrendetan zoaz EAJ alderdiaren barruan. Zer pasatu zitzaizun burutik enteratu zinenean?

Alderdikide izanda, ohorea da zurekin kontatzen dutela ikustea edozein zerrendatan egoteko. EAJk Batzar Nagusietan aurkeztuko duen hautagai-zerrendaren irudiaren parte izango naiz. Pentsatu nuen lehen gauza, "zelako erantzukizuna!" izan zen. Aukera da hauteskundeak beste ikuspuntu batetik bizitzeko, inoiz bizi ez ditudan bezala, nahiz eta Batzokian edo EGIn beti lanean ari garen: Bilbon kanpaina egiten, sare sozialetan, kartelak jartzen... baina hori guztia egiten jarraituko dut, hori bai, ziur kanpainan leku askotan egotea tokatzen zaidala. Zerrendako gazteenetarikoa naiz, eta horrek garbi uzten du alderdian gazteok ere garrantzitsuak garela. Egikideoi ardurak ematen dizkigute, eta horrek konfiantza adierazten du.


Nola bizi duzu erantzukizun hori?

Esan dizudan bezala, lehenik eta behin, Bizkaiaren alde lan egiteko aukera bezala ikusten dut, Euskadiko gazteak kontura daitezen alderdi honek ondo ordezkatzen dituela. Gainera, hauteskundeak oso, oso esperientzia bizia izango dira. Hurrengo hilabeteak oso gogorrak izango direla imajinatzen dut, baina irribarrea mantentzen saiatuko naiz, eta nireak eta bi emango ditut maiatzaren 22 eta 23an zerbait ospatu ahal izateko.


- Zein da, zure ustez, Bizkaiak aurretik daukan erronkarik handiena?

Maiatzaren 22a (barreak). Erronkarik? Hainbeste dago... Orain arte bezala jarraitu, hazten. Horretarako, oso garrantzitsua da Bizkaiak eta bizkaitarrok Jose Luis Bilbao, Ana Madariaga eta alkate guztien lan onean konfiatzen jarraitzea. Oso nabariak dira Bizkaia nazioartean lortzen ari den ospea, posizio ekonomikoa... eta hori Jose Luis Bilbao eta Ana Madariagaren taldea Batzar Nagusietan eta Aldundian egiten ari den lanari esker da  (www.jjggbizkaia.net). Ezin dugu ahaztu Eusko Jaurlaritzarekin daukaguna, eta ez dut gauza bera nahi Bizkaian, Aldundia delako dirua kudeatzen duena, aurrezkiak, bizkaitar guztion ekonomia. Nire errentaren ekarpen ekonomikoa adituek kudea dezatela nahi dut. EAJk herria eraikitzen badaki, gure hautagaiek Bizkaia maite dutelako, eurek gure historia, kultura... baloratu eta ezagutzen dituztelako. Hori nahitaezkoa da herria eraikitzeko bidean. 


- Gaia aldatuz, nola ikusten duzu emakumearen egoera orain? Nahiz eta gaztea izan, zure esperientzia pertsonalean oinarrituz, alderik edo aurrera pausu nabarmenik igarri duzu? 

Hobea izan liteke, batez ere erantzukizun karguetan. Beirazko teilatu bat dago oraindik; gure karrera profesionaletan gora egiten dugu, baina inoiz ez dugu lideratzen, beti dagoelako gizonen bat gainetik. Esan beharra dago ere, guk geuk ere uko egiten diogula, nolabait, progresioari, familiaren eta etxearen zama gure gain hartzen dugulako, guztiarena, eta ezin dugu bateratu, edo ez dakigu bateratzen. 


-  Zein da emakumeek gaur egun emakume izateagatik bizi duten arazorik larriena edo larrienetarikoa? Badauka konponbiderik epe laburrean?

Uste dut guk daukagula aldaketaren giltza. Agian gizonek baino lan handiagoa egin behar dugu, geuk ere jakin badakigula frogatu behar dugu, zuzendu eta erabakiak hartzen badakigula, gizonek bezalaxe. Gure esku dago! Gure batzokia Sabindarraken matriarkatu bezala da ezaguna, ia guztiak emakumeak garelako uri erakundearen ardura daukagunok. Asko dago egiteko, tematu beharra daukagu eta lider onak izan gaitezkeela uste dugu. Bidezkoak izan daitezela eskatzen dut, tira, hobeto esanda, izan gaitezela; ez dut kuota baten parte izan nahi, arloren baten hobeak bagara, aitor diezagutela.


- Nola deskribatuko zenuke berdintasuna?

Oraintxe bertan esan dizudan bezala, ez zaizkit kuotak gustatzen. Gizonak eta emakumeak erdiban egotea ez da berdintasuna. Berdin trata gaitzatela nahi dut. Argi dago ez garela berdinak, fisionomiari so egitea baino ez daukagu. Garrantzitsua da aditu, aholkulari, zuzendari, ertzain... bezala onar gaitzatela, nahi duguna eta ahal duguna bezala. Gizonak baino hobeak diren emakumeak egongo dira, eta alderantziz ere bai, baina guk aukera behar dugu hori frogatu ahal izateko.


Zein da emakumeek gaur egun emakume izateagatik bizi duten arazorik larriena edo larrienetarikoa? Badauka konponbiderik epe laburrean?

Lana eta familia uztartzea. Berebizikoa da guztiok ahalik eta lasterren ikastea. Erakundeek ahalegina egitea behar dugu, baina baita familiek ere.  Emakumeek egiten duten lanak markatu egiten du ere bai, ez da gauza bera bulegoan egotea 8:00etatik 15:00etara, edo dendan 10:00etatik 20:00etara. Zure lankideek amatasunagatik eduki ditzakezun pribilejioak ordaintzea ere ez da zilegi. Egoera zaila da, eta ezin da orokortu. Komunikazio kabinete baten, adibidez, jardunaldiaren parte bat etxean eman dezakezu eta etxean jarraitu lanean, baina denda baten ezin duzu halakorik egin. Umeak izateko garaia heltzen zaidanean, ez nioke nire karrera profesionalari uko egin nahi, 18 urte daukadanetik ari bainaiz hori eraiki nahian. Horretarako, superwoman izan beharko dut, hainbat emakumek bezala, eta asko laguntzen didan bikotekidea alboan eduki.


Alderdi politikoetan (edo bestelako erakunde edo enpresetan) emakumeen kontrako bazterkeriarik bizi daiteke oraindik? Zertan?

Erakunde guztietan. Ez dakit nahita egindako bazterkeria den, edo aldiz, gizonek agindu dutela beti, eta orduan, ohiturak aldatzea zaila dela. Baina bai, hala gertatzen da. Nortzuk dira hitz egiten lehenak? Zenbat komunikazio talde zuzentzen dituzte emakumeek? Eta herrialde? Zenbat lehendakari emakume egon da? Zenbat presidente emakume dago alderdi politikoetan? Zenbat emakume sartzen dira urtero Ertzaintzan? Eta abar. Azken baten, erakundeak gizartearen ispilu dira, eta lan handia dugu oraindik aurretik. 


- Azkenik, bukatzeko, zer mezu bota nahi zenieke Euskadiko emakume gazteei?

Borrokatu eta borrokatu gure ametsak erdietsi arte, ez baitago gainditu ezin dugun oztoporik. Gure auctoritas erakutsi behar dugu, autoritate morala lortu behar dugu gure profesionaltasuna, errespetua, sentiberatasuna, sentimenduak, pertsuasioa, parte hartzea, komukatzeko gaitasuna, ezagutzak eta esperientzia erakutsiz. Emakumeon autoritate morala egunean-egunean eraiki behar dugu, ahalegin eta ilusio handiz. Horrela, beti edo ia beti gizonen esku dagoen potestas hori baztertu ahal izango dugu; gainera, botere hori ez datorkie euren ezaugarri pertsonalengatik, hala da. Guri, emakumeoi, dagokigu hori aldatzea, eta autoritatea etikarekin eta profesionaltasunez lortzen dugula erakutsi, ez bakarrik arau administratibo edo juridiko batzuk betetzeagatik. 

 

Facebook