Martxoaren zortzia da gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Antzina, gaurko egunez Emakume
Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen bazen ere, lan arlotik gainontzeko eremuetara zabaldu da,
eta gaur aldarrikatzen dena emakumearen parte hartzea eta bere garapen pertsonala dira.
Hitz gutxitan esateko, emakumearen eta gizonaren berdintasun sozialaren alde egiten da..
Emakumea aspaldian hasi zen pertsona izateagatik bakarrik zegokizkion eskubideen alde borrokan.
Simone de Beauvoirrek esandakoa aintzat hartuz, emakumeak publikoki defendatzen lehena
Christine de Pizan izan zen, XV.mendean. Hala ere, XIX.mendea izan zen emakumaren
eskubideen aldeko mugimendua indar berezia hartzen hasi zen garaia. Ordutik gaur arte egindako
aurrerapenak handiak izan dira, garrantzitsuak lorpenak. Baina hala ere, ez, ez da nahikoa.
Gure gizartean emakume nahiz gizonaren rola oso markaturik egoteak desabantailak dakarkizkiolako
emakumeari kasu askotan, bereziki arlo ekonomikoan. Etxeko bizitza eta bizitza profesionala uztartzea
zaila da, eta gehienetan emakumeari dagokio sakrifikazio handiena egitea. Horren ondorio da lanean
ari diren emakumeen %85ak lanaldi partzialean jardutea. Honen harira, duela bizpahiru aste kaleratutako
datua gogorarazi nahi dugu gaur hemen: emakumeak bataz beste urtean duen soldata 19.771 eurokoa da,
gizonarena 26.911 eurokoa den bitartean. Horrek 7.000 eurotik gorako desberdintasuna suposatzen du.
Datu horiek genero desberdintasunaren adibide batzuk baino ez badira ere, garbi dagoena da,
oraindaino eginiko bidea luzea eta eragingarria izan den arren, hau ez dela hemen amaitzen.
Lanean jarraitzea ezinbestekoa dugu ahal bezain laster sexuen berdintasuna osoa eta erabatekoa izan dadin.
Eta beste inori baino gehiago gazteoi dagokigu horretan aritzea, etorkizuna gure baitan dagoelako,
geronek eraiki beharko dugulako.
Horretaz jabetzen garenez, Euzko Gazteditik emakumearen eskubideen alde egiten dugula
esan nahi dugu, genero berdintasunaren alde lan eginez. Aurrez esan bezala, gizon eta
emakumeek pertsona izateagatik bakarrik, uka ezin dakizkigukeen eskubideak ditugu.
EGIn eskubide horien alde lan egiten dugu, gizarte justu baten alde, eskubideen aitortza hori praktikan egi bihur dadin.