Ezagutzera eman

BERRIAK

2012/04/26
Gaur bete dira 75 urte Gernikako bonbardaketa bortitza gertatu zenetik. Bertan bizia galdu zutenei eta beraien familiei, agur eta ohore; ez zaituztegu ahaztu.

Denbora asko da 75 urte; gure herriak urte guzti horietan zehar, jira bira asko egin ditu. Gerra bortitzaren ondoren, batzuk erbestea bizi behar izan zuten, eta gehienak, diktadura.  Garai latzak izan ziren, gosea, errepresioa, askatasun falta..., baina baita  itxaropenezko garaiak, ilusioa, indarra, griña eta etorkizun hobe baten ametsa.

Dena galdu zuten haiek, gure kulturari, gure hizkuntzari eta gure nortasunari eutsi zioten momentu zailetan, hori baitzen, dena irabazi zuten haiek bonbardeatu eta txikitu ezin zezaketen bakarra.

1937ko apirilaren 26an, 50.000 kilo lehergaik herria txikitu eta 1600 hildako utzi zituen Gernikan, aurretik 336 Durangon, Elorrion edo Eibarren. Milaka euskaldunek eman zuten bizia, zibil zein gudari, zahar zein gazte, emakume zein gizon. Guzti haien omenez eta oroimenez , joan bitez hitz xume hauek Euzko Gaztediren izenean.

Gaur, 2012ko apirilaren 26an, bestelako garaia bizi dugu; baina ez litzateke justua izango nora goazen erabakitzen astea, nondik gatozen jakin gabe. Orain dela 75urte Gernikan, Saibin, Intxortan eta hainbat Euskal Herriko txokotan bizia eman zuten haien oinordeko gara. Zama hori daramagu lepoan, eta harro hartzen dugu gure gain. Argi daukagu zein den gure herria, zein gure hizkuntza, zein gure kultura eta askatasunaren bidean pausoz pauso aurrera egiten jarraitzeko prest eta gogotsu gaude.

Momentu berezia da gainera oraingoa. 75 urte eta gero... BAKEA. Ez gerrarik, ez diktadurarik, ez ETAren bortizkeria, orain bakea. Eta hau da gure konpromezua oroimen egun honetan, izan zirelako, herri honengatik dena eman zutelako,  orain baketik askatasunera!

Facebook