Ezagutzera eman

BERRIAK

2012/06/08

Euzko Gaztedi (EGI) Igande honetan Zarautzen ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren aldeko festan izango da.

Hezkuntza sistema da gizarte zuzenagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa lortzeko bitartekoa. Euskal Eskola Publikoa desberdintasun sozialak gainditzeko saiakera da, aukera berdintasunean oinarritzen dena.

Euzko Gaztedi-k malgua eta propioa den eredu bat defendatzen du, euskara ardatz duen hezkuntza eredu eleanizdunaren aldeko apustua egiten duelarik.

Alderdi politiko eta eragile ezberdinen arteko akordio zabalean oinarritutako hezkuntza sistema aldarrikatzen dugu, lau urterik behin hezkuntza ereduan egiten diren aldaketek hezkuntzari berari kalte egiten diotelako.

Madrilgo gobernuak hezkuntzaren aurrekontuan eginiko zentzugabeko murrizketen aurkako jarrera erakusten dugu. Hezkuntza eta Osasuna dira gizarte baten garapen maila zehazten dutenak eta hezkuntzaren aurrekontuen berrikuspena ezin daiteke errentagarritasun ikuspegi batetik soilik egin. Gainera, murrizketa hauek Autonomia Erkidegoak kontuan hartu gabe egin dira.

 Argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko transferituak izan diren eskumenak berriz ere estatuari bueltatzea helburu duen estatu pakturik eta Eusko Jaurlaritzari dagokio gure autogobernuaren defentsa egitea.

EGI-k euskal gizartearen zerbitzura dagoen hezkuntza eredua aldarrikatzen du, kalitatezko dena. Hezkuntza herri honen ardatza da, etorkizuna idazten hasteko bitartekoa.

Hezkuntza eredu propioan oinarritutako Euskal Eskola Publikoen alde gaudelako, Euzko Gaztedi-k Igande honetan Zarautzen egingo den ospakizunean parte hartzera gonbidatzen zaituzte. 

Facebook