Euskadi ezberdina dela diote.
Euskadi garai berrietara eta gizartean eman diren bilakaeretara egokitzen jakin izan duen nazio historiko bat dugu. Estatuak bultzaturiko homogenizazio prozesutik babesten jakin izan du, propio eta bereizgarri dituen ezaugarriak aldarrikatuz. Ezberdinen arteko bizikidetza defendatuko dugu, berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritzen dena. Talde erabaki, ideologia eta erlijio askatasuna defendatzen ditugu.
Gizartea bera kolektibo bat izanik, gizartearen askatasun eta eskubideak aldarrikatzen ditugu, gizabanakoaren askatasun eta eskubideetan oinarrituriko defentsa delarik. Banakakotik taldekotasunera.
Gaur, gizarte hau ordezkatzen duten banderak astintzeko egun egokia dugu.
Bandera zuria, bakearen eta askatasunaren zuria. Mendeetan zehar guda, gatazka edota atentatuak pairatu ostean, hauxe da gizarte hau bortxakeria edota izu ikaratik aske bizi den lehen garaia. Gizarte baten askatasuna, ezberdin pentsatzea posible egiten duten eta errespetuan oinarritzen diren balioetan zehazten da.
Ikurrina, gizarte osoa hartzen duen bandera. Zuria, bakea. Gorria, bihotza. Berdea, etorkizuna. Ikurrinak zurian, gorrian eta berdean oinarritzen den nazioarekiko pertenentzia aldarrikatzen du. Momentu historiko bat bizi duen herria, bere naziotasuna bizirik mantentzen duena.
Eta ortzadarraren bandera, LGTB harrotasun bandera. Koloreanizdun banderak libre izateko,erabaki eta bizitzeko kontzeptuak barneratzen ditu. Norberak inolako azalpenik eman gabe izan nahi duena erabakitzeko duen gaitasuna aldarrikatzen du. Urteetan zehar , beren eskubideak defendatzeari ekin dioten taldeen existentzia gogoratzen digu. Eskubide berdintasuna, ezberdin izateko eskubidea bere baitan hartzen du. Bakean oinarritutako bizikidetza posible egiten du, norberaren orientazio sexualagatik jazarria ,baztertua edo berezitua ez izateko eskubidea bermatzen du.
Euskadi, ezberdina dela diote. Eta euskaldunak garenez, gure banderak astintzea dagokigu.
Erabakitzeko eskubide eta gaitasuna aldarrikatzen duen bandera. Gizabanakoen eta kolektiboen askatasun eta eskubideak defendatzen dituen bandera. Ezberdina eta erreferentea den herri baten bandera. Besteak beste, sexu bereko bikoteen ezkontza legeztatu zuen lehen Erkidego Autonomoa izan ginen.
Ezberdinak izan, berdintasuna defendatzeko.
Hau dela eta, Gogorregi Konpartsak LGTB Harrotasun Egunean Bilboko Moyua Plazan 19:30ean hasiko den manifestaziorekin bat egiten du. Ondoren, 20:30etatik aurrera Sabin Etxean aldarrikapen festari emango diogu hasiera.
Berdintasunaren alde, beti ere ezberdin egiten gaituzten banderez harro gaudelarik.