Gaur goizean, berriro ere, Espainiatik heldu zaizkigun berriak arduragarri eta ezkorrak dira. Alderdi Popularrak zuzenduriko gobernuak, BEZ arrunta %18tik %21 eta murriztua %8tik %10era igo ditu. Erabaki honi, langile publiko eta langabetuei zuzendutako diru-sarrerak murriztea gaineratu behar zaio.
Ez ditugu gobernu honek hartzen dituen erabakiak ulertzen, jakin badakigulako ondorioek gizarte osoaren egoera okertuko dutela eta gure aberriaren ekonomia kaltetuko dutela.
Zergei buruzko eztabaida beharrezkoa da, beti ere modu progresiboan eta gizarteko sektore ahulenak zigortzea helburu duten politikak baztertuz.
Euskadik ez ditu Espainiak egin dituen hutsak ordaindu behar. Euskal gizarteak ez ditu inguruko lurraldeetan egin diren basakerien ondorioak zertan jasan.
Euzko Gaztedik Euskadirentzako subiranotasun osoa aldarrikatzen du. Guri dagokigu gizarte honentzat politika eraginkorrak zehaztea. Ezin dugu gure etorkizuna besteen eskuetan hutsi.