Ezagutzera eman

BERRIAK

2012/10/09

Gaur, urriak 9, sei hilabete bete dira Iñigo Cabacasek, Athleticzale gaztea, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz bizia galdu zuenetik. Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partida izan zen apirilaren 5ean, eta norgehiagoka amaitu ondoren, Ertzaintzak kargatu egin zuen eta 28 urteko gaztearen bizia eraman zuen pilotakada batek.

Kasua daraman epaitegiak instrukzioarekin jarraitzen du, lekukoen testigantzak batzen. Euzko Gaztedik prozesu horri babesa eman nahi dio, gertaerak albait argien gera daitezen epaiketa amaitzerakoan, eta arduradunek dagokien moduan ordain dezaten.

Baina ez dugu ahaztu nahi Rodolfo Aresek, orduko Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua, izan zuen utzikeria eta arduragabekeria: hasieran ezkutatu egin zen gaztea hil egin zen arte; ondoren, ukatu egin zuen heriotza pilotakada baten ondorioz izan zela; dirua ere eskaini zion familiari kasua publikoago ez egitearren; eta ez du inoiz bere ardura politikoa onartu, ez zuen bere kargutik dimititu gertaera larri honengatik, baina bai, ordea, hauteskunde hauetako PSEren kanpaina zuzendu ahal izateko.

Azkenik, Euzko Gaztedik aukera hau baliatu nahi du ikerketa eta justiziaren bideei babesa emateko, nork bere arduraren ordaina izan dezan, eta Cabacas familiari, lagunei eta ingurukoei besarkadarik zintzoena bidaltzen diegu. 

Facebook