Euzko Gaztedi EGI erakundea Catalunyako Gaztedi Nazionalistaren (JNC) Kongresura joan zen, eta bertan ikusi ahal izan genuen Artur Mas ilusioz beteta zegoela. Jakin badaki bide luze eta latzari ekin beharko diola, catalunyar gizartearen eskutik zuzentzen duen nazioaren independentzia lortu arte.
Alderdi nagusiek eta Catalunyako gizartearen gehiengoak atzera bueltarik ez duen urratsa eman dute aurrerantz, nazio independentea lortzeko apustu argia, Europar Batasunaren antolaketa barruan bere nortasuna aitortuko zaion nazioa. Egoera hau izaki, egin behar dugun galdera honako hau da: nor izan daiteke, nazio eraikuntzarako egitasmoan aurrera egiteko manifestazio erraldoi hartara joan zen Catalunyar gizartearen aldarriaren beldur?
Alde batetik daude, beren estatua osatzen duten nazio guztien eskubideak bermatzeko eredu anitza eraikitzen jakin ez dutenak, bidegabekeria konstituzional eta politikoa, azken finean.
Beste alde batetik daude, beren ekonomia eraikuntzan oinarritu dutenak, "adreilu" ekonomia horri ekin diote, I+G+B egitasmoak bazterrean utziz.
Eta azkenik, mendebaldeko eta E.B.ko harresia izatea erabaki dutenak, orain arte ezagutzen ditugun nazioak zatitu ahal izatearen hipotesiaren aurrean.
Lehen puntuari dagokionez, esan liteke Espainia hainbat naziok osatzen duten estatu bat dela. Hala ezartzen du Espainiar Konstituzioak berak. Baina bazterrean utzi nahi duten kontzeptua da, beste norabiderik gabe, munduaren globalizazio edo internazionalizaziorako bidean gaudela. Hala ba, mugaz gaindiko Europaren aurrean gaude, hau da, Europako estatu kideek blokea osatuko dute eta erregio edo herri bakoitzak bere administrazioak kudeatuko ditu, eta azken finean, zuzenbide konstituzionalak ezartzen dituen botere klasikoak bereganatuko ditu. Europak ere euro erregioetaz hitz egiten du, estatu baten barruan errealitate guztiz ezberdinak bizi direla jakinik.
Bigarrenez, ekonomia bat ezin da adreilu kolpez eraiki. Azpimarratzekoa da, Euskadik beti egin izan duela I+G+B proiektuen alde, eta beti egin duela sare industrial berritzailearen aldeko apustua. Horren erakusle argia da krisiaren zartakoaren aurrean auzokoek baino hobeto eutsi diogula. Catalunyan ere, ikerkuntzaren alde egin zuten, XIX. mendetik datorkien tradizio industriala izateaz gain.
Eta, hirugarrenik, Mas President jaunak egin nahi duen kontsulta prozesua. JNCko kideek esaten zuten moduan, abian jarri den prozesu politikoa geldi ezina da, Espainiak kontra egiten badio ere. Europar Batzordearen erabakia, 6 hilabete lehenago, Catalunya banatzekotan EBn sartzerik ez duela esaten ez badu behintzat. Puntu honetan, gogoratu behar dugu ezer idatzita ez dagoela, EBko estatu kide bateko erregio batek banatzeko erabakia hartuko balu emango zen balizko egoerarako, ez da esaten horrek europar erakundeetako duen tokia galtzera eramango lukeenik. Gure ustetan, Europa egokitzeko gaitasuna duen erakundea da, eta jakingo du osatzen duten nazioen beharrizanetara egokitzen.
Horrela ba, ez ditugu orain Catalunyako hauteskundeetako emaitzak ezagutzen, baina denak esaten digu independentziaren aldeko alderdien garaipena nagusituko dela. Espainiak egin beharko lukeena da, gaur egun bere mugen barruan dauden nazioei entzun eta Herri eta nazioen Europari beldurrik ez izatea.
Espainiar estatuak bi aukera ditu: bere nazio aniztasuna onartzea eta estatu eredua aldatzeko erabakiari beldurrik gabe ekitea; edo, hori arbuiatzea, horrek dakartzan ondorioekin eta orduan nazioetako gehiengoak erabakiko duena onartuz.
Horregatik guztiagatik, Euzko Gaztedi EGI erakundeak babesa adierazten die Mas President jaunari eta Catalunyarentzat osoko subiranotasuna lortzeko egitasmoari, nazioen Europaren aldeko apustua adierazten du eta Euskal eta Catalunyako nazioen independentzia eragozteko, oraingo legerian oinarrituta eraiki den harresia arbuiatzen du .
Azken finean, erabakitzeko eskubidea da guri dagokigun eskubidea, eta Herri baten gehiengoaren sentimendua arau eratzaile ororen gainean dago.