Azaroaren 25 a dugu Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna. Gaur, duela 31 urte, Bogota hirian, Latinamerikako eta Karibe aldeko Lehen Topaketa Feminista egin zen hartan, gaurko eguna aukeratu zen, Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal bortizki erailak izan ziren eguna gogoratzeko. Hiru ahizpa eta aktibista hauek Rafael Trujillo diktadorearen poliziak erail zituen Dominikar Errepublikan. 1999 urtean, Nazio Batuen Erakundeak egunari eman zion ofizialtasuna.
Emakumeen kontrako indarkeria, emakumeek sufritzen duten sakoneko diskriminazioaren ondorioa da, eta diskriminazio hori bere horretan mantentzeko tresna da.
Genero bortxakeria definitzeko esan ohi da "generoan oinarritutako indarkeria, ondorio gertagarri edo egiazko gisa min fisiko,sexual edo psikologikoa duena. Multzo honetan sartzen dira mehatxuak, egin nahi ez dena behartzea edo askatasuna debekatzea, bizitza publikoan zein esparru pribatuan". Hizkuntzaren erabileran antzematen da errazen, gizarte honek teorian defendatzen dugun berdintasuna praktikan jartzeko duen gaitasunik eza.
Mende erdi igaro da jada, kausa baten alde borrokatu ziren hiru emakumeren erailketatik. Mende erdia geroago, geure egin dugu beren kausa; gero eta hiritar gehiagorena ere bada, berdintasun eta errespetuaren aldeko bidean urratsak eman behar direla ulertu baitute.
Baina, mende erdi geroago, gizartearen gaitz hau da XXI mendeko gizarteak konpondu behar duen arazorik handienetako bat. Ezin ditugu begiak itxi gure aurrean indarkeria eta erailketak gertatzen diren bitartean
Ez dira gutxi, generoagatik rol sozial diskriminatzaileak aplikatzen jarraitzen dituztenak. Zalantzarik gabe, horiek dira errazen alda ditzakegun jarrerak, horiek baitira gure hurbiltasunetik ondoen borrokatu ahal ditugun moldeak.
Euzko Gaztedi EGI, gazte erakundea den aldetik, fenomeno honen kontrako borrokari ekin dio. Indarkeria matxista mota ororen kontrako gaitzespen argia egin nahi dugu, bere dimentsio guztietan; era berean, sexismo mota oro gaitzesten dugu, arinenak eta normalizatuenak barne,esaterako sexuaren araberako rol estereotipatuak; neska eta emakumeen ikusezintasuna bizitzako hainbat arlotan, bigarren mailara zokoratuz; sexu eta ugalketa eskubideen ezeztapena; edota pertsonekiko diskriminazioa, euren sexu aukeraren edo genero identitatearen ondorioz.
Gizarteak urteak daramatza hainbat emakumek oraindik ere sufritzen duten tratu txarrak salatzen. Gure ikuspuntutik, prebentzioa, koordinazioa eta babesa dira, drama anker honi amaiera jartzeko behar diren jarduera ardatzak.
Aurrea hartzea, errealitatea ezagutzea eta ematen ari diren aldaketak ulertzen jakitea, beharrizan berrietara egokituz.Baina, zalantzarik gabe, heziketa da epe labur eta luzera, emaitzarik onenak eman ditzakeena. Bigarren urratsa da eragile eta bitarteko ezberdinen arteko koordinazioa, denboran eta espazioan, hartu beharreko neurriei jarraipena emanez. Eta, hirugarren esparrua, emakumeak indarkeria egoeren aurrean babestea, gizartea indarkeria osoa gaitzestera inplikatuz , erasoa gaitzestera mugatu barik.
Alde bakarreko bortxakeria honek ezin du odol jario gehiagorik eragin. Ezin dugu malko gehiago isuri. Ez gaitezen krimen bat gaitzesteko hurrengo elkarretaratzearen zain geratu. Egin dezagun zerbait, eta urratsak eman ditzagun gure eskubide eta askatasunen defentsan. Gizarte hau osatzen dugun guztion eskubide eta askatasunak baitira.
Emakumeen kontrako bortxakeriari aurre egiterik ez dago, gizontasun eta andratasun ereduen aldaketa sakonaren aldeko aldarria egin gabe. Erreferentziazko eredu berriak egin behar ditugu, mutil eta gizonei neska eta emakumeen gaineko pribilegiozko tokirik ez emateko, bortxakeria matxistaren beraren jatorria baitago botere erlazio horretan, eta horrek finkatzen du emakumeen subordinazio eta diskriminazioa. Gazteei lagundu behar diegu errespetuan,askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen.
Gazte erakundea garen aldetik, gogoratu beharra dugu, belaunaldi gazteen artean emakume eta gizonen arteko desberdintasun egoerak teorikoki gainditzetik harago, errealitateak temati erakusten diguna, hau da, bortxakeria matxistak gazteen artean eta kasu batzuetan adin txikien artean ere bizirik dirauela. Zinez kezkagarria.
Horrela ba, gazteok gara, gure esparrurik hurbilenean, baloreetan jaso dugun heziketa praktikan jarri behar dugunok.
Gazteok gara, defendatzen dugun berdintasunaren aldeko egiazko ustea egon badagoela erakutsi behar dugunok.
Eta, gazteok gara, tradizio bidegabe batzuek bidegabe izaten jarraitzen dutela, tradizio diren arren.
Azken finean, gazteok gara argi eta garbi hitz egin behar dugunok. Zuk niri, nik zuri. Berdintasunean.
Merezi du horrela hitz egitea. Zu eta ni, gu izango garelako. Biak berdin.