Ezagutzera eman

BERRIAK

2013/01/07
2013ko Urtarrilaren 12an Herrira Plataformak Bilboko kaleetan zehar manifestazioa deitu du ETAko presoen euskal herriratzea eskatzeko helburuarekin.

“Donostiako Bake Konferentzia eta ETAk behin betiko armen uztearekin batera” gure herrian bizi dugun garai berria medio, “espainiar eta frantziar gobernuei urratsak ematea” eskatzeko dei egiten dute larunbateko manifestaziora.

Urte bat pasa da ETAk armak usteko erabakia hartu zuenetik. Urte bat pasa da euskal herritar askoren amets gaiztoari bukaera eman zitzaionetik. Garai berri baten gaude eta euskal gizarteak erakunde, alderdi politiko eta gobernu ezberdinen jokaerei garai berri honetara egokitzea eskatzen die. Iraganeko diskurtso eta jarrerak atzean utzi behar dira eta irizpideen eguneratze prozesu bat beharrezkoa da atzera bueltarik eman ez dadin.

Kartzela politika egoera berri horren baitan kokatu behar da, garai berrian giza eskubide guztien betetzea oinarrizko urratsa baita. Gure ustetan, ETAko presoak euskal espetxeetara hurbilaraztea ez da soilik presoek duten eskubide bat, senideek bizi duten egoera tamalgarri bat gainditzeko bitartekoa ere bada. Honez gain, beren zigorraren 2/3ak beteak dituzten edota gaixotasun larriak bizi dituzten presoen askatasuna ere eskatzen dugu, besteak beste legezko eskubidearen jabe direlako.

Nazioarteko erakundeek behin baino gehiagotan salatu dute Espainiako Gobernua, giza eskubide eta askatasunen defentsa kolokan jarri dutelako, bereziki preso dauden gizon eta emakumeena. Euzko Gaztediren iritziz Euskal Herrian ireki den garai berri honetan horrelako jarrerak mantentzeak oztopoak baino ez dizkio jartzen bake eta normalizazio politikoa erdiestea helburu dituen euskal gizarteari. Horregatik, Espainiako gobernuari salbuespen egoerak iraganeko jokabideak direla gogorarazi eta egoera berriak eskatzen dituen joko arauak bete ditzan eskatzen diogu.

Euskal herri eta hirietako kaleak urte askotan hainbat aldarrikapenen testigu izan dira. Hala ere, argi esan nahi dugu Ezker Abertzaleak jakin ondo dakiela zein den errebindikazio hauek egiteko tokia eta erakunde eta alderdi ezberdinekin akordioak lortzea dela bidea. Presoak ezin daitezke presio tresna bilakatu.

Presoek berauek eskaera bikoitza egin behar dute: batetik inork erakunde armatua aitzakiatzat erabili ez dezan eta euskal gizartea ez zoratzeko, ETAri desagertzeko zuzenean eskatu. Bestetik, Ezker Abertzaleari beren aldarrikapenak behingoz modu serio batetan mahai gainean jarri eta politika egiten hasteko exijitu, erakunde publikoetara bueltatzeko emandako bilakaera egin duten modu berean jarduteko. Badakite “partida non jokatzen den” eta lanean jar daitezen eskatu behar diote, agerraldi publikoetatik haratago pausuak eman ditzaten.

Pausuak emateko garaia dugu. Euskal gizarteak jokabide zaharrak albo batera utzi eta behingoz egoera normalizatu bat eraikitzea eskatzen digu. Iragana ahaztu gabe, bide berriak lantzen hasteko garaia dugu. Politikan sinisteko ordua da. Behingoz, eragile eta erakunde ezberdinen artean politika serioa egiteko garaia. 

Facebook