Gipuzkoako Euzko Gaztedik (EGIk) bakoitzak nahi duen militantzia politikoa izateko eskubidea aldarrikatzen du, norbera bere ideia eta ekintzen jabe eta arduradun izanik. Zentzu horretan, EGIk ez du babesten militantzia politiko hutsa epaitzea, baldin eta ez badira kasuan kasu delitu-ekintzak frogatzen. Horretara, ez gatoz bat Segiko kideei bere militantzia epaitzearekin; bai ordea delitu-ekintzak egin dituztenen norbanakoak epaitzearen alde, izan hauek Segikoak edo beste edozein elkartekoak.Gipuzkoako EGIk uste du iraganean utzi beharreko estatuaren salbuespen neurrien estrategia bati erantzuten diola egindako epaiketak, Segi erakundeko kide izate hutsa talde armatuko kide izatea egozten delarik. Edonola ere estrategia horri aurre egiteko modua litzateke herri honek urteetan jasandako bortizkeriari aurre egin eta bide demokratiko soilen defentsa egin izan balu Segik. Egunotan auzipetuen defentsaren izenean dabiltzan askoren hitzezko jazarpena, pintaketak eta epaiketaren ardura politikoa egozteko estrategian oinarritutako komunikazioaren eragina jasan izan du EAJk, eta gauza jakina da EAJ ez dela epaiketa honen arduradun. Epaiketa hau ETAri aurre egiteko aurrera eraman den Estatuaren salbuespen neurrien estrategia gogor baten baitan kokatzen da, eta Alderdien Legea egin dutenek zein hori egiteko urteetan argudioak eman dituztenek daukate, izatekotan, epaiketa honen ardura. Gaur bizi dugun egoera ezin zaio inola ere EAJri egotzi.
Zentzu horretan, EAJri eskatu izan zaio Ertzaintzak ez zitzala atxiloketak gauzatu. Gipuzkoako EGIk euskal poliziaren aldeko aldarria egin nahi du, bere izaera integrala defendatu, eta gogoratu polizia judiziala Ertzaintzaren baitan kokatzen denez gero, epaileen, epaitegien eta Ministeritza fiskalaren esanetara ere egon badagoela legez arautua. Librea da erakunde politiko bat desobedentzia zibila praktikatzen saiatzea, baina arduragabekeria larria litzateke erakunde publikoek, are gehiago legeen betearaztea bermatzeko egon behar duen poliziak, epaileen aginduen aurrean desobedentzia planteatzea. Bere eginkizuna arduraz bete du beraz Ertzaintzak, eta gainera modu eredugarrian egin duela azpimarratu nahi du Gipuzkoko EGIk. Ehundaka pertsonaren identifikazioa burutu behar izan du atxilotu beharrekoak ezagutzeko, eta halaxe egin du zauriturik sortu gabe. Euskal poliziak atxiloketak gauzatzeko izan duen jokamoldea azpimarratu beharrekoa da.
Euskal gizarteak garai berrietarako dituen itxaropenei erantzunez jarrerarako aldarria egin nahi dugu. ETA gabeko Euskadirantz aurrera egiteko bidean salbuespeneko Estatu estrategia alde batera uzteko eskaera egiten dugu, eta horrekin batera gizarte demokratiko batean arerio politikoari izan beharreko eskubideen errespetua aldarrikatzen dugu. Norabide horretan gaitzetsi egiten ditugu Batzokien pintaketak, ETAren aldeko aldarriak, mehatxuak eta bide demokratikoetatik bideratzen ez den ekintza oro. Garai berrien aldarriak ezin dira jokamolde zaharren bidetik egin.