Europar "Citizen" orok bere egutegian markatu beharko lukeen eguna dugu gaurkoa. Baina, errealitate gordina da oraindik ez direlako estatu guztiak Europar Federazio egiazkoan integratzeko behar diren pausuak eman .
Horrela izan da, erakundeek ez dituztelako geroko belaunaldiak Europar sentimenduan hezi. Europa da batzuentzat, aireportuak eraiki edo langabezia diruz lagundu nahi dutenentzako laguntasun iturria. Horretarako nahi dute dirua, sektore produktiboak modernizatzeko erabili beharrean...
EGI-Euzko Gaztedi erakundetik, betidanik pentsatu izan dugu Europa independentzia lortzeko tresna dela, espainiar estatuak gure etorkizuna erabakitzen uzteari beldur diolako, eta gai hori argitzeko inolako hauteskunderik baimentzen ez duelako.
Egia esan, defizitarekin eta Merkel andreak inposatzen dizkigun doikuntza neurriekin, gero eta ilunago ikusten dugu Europa proiektu horren parte sentitzeko egitasmoa. Horren adibide dira Nigel Farage Eurodiputatu sentsazionalista eta Grezian sortu diren erakunde politiko erradikalak.
Momentu hauek ez dira errazak inorentzat, baina EGI-Euzko Gaztedi erakundetik azpimarratu nahi dugu Euskaldun eta Europar sentitzen garela, eta, aldi berean, Europan nazio gisa aitortuak izateko ahalegin guztiak egingo ditugula. I AM BASQUE mezua ez dadila Euskadin geratu, baizik eta mugaz gaindikoa izan dadila eta Europan estatu izateko dugun desioa ezaguna izan dadila.
Gure lehen Lehendakaria izan zen guztion eta guztiontzako Europaren lehen bultzatzaileetako bat. Mugen gainetik, hiritarren interesen alde egiten zuen Europa. Herri eta nazioen Europa, bere barnean kultura,hizkuntza eta ohituren eskubideak bermatzeko erakundea gordetzen zuena. Bakar batzuen "interes partikularren dantzan" eta gehiengo handi baten kaltetan mugituko ez den Europa.
Europa aukera bat da. Gure aukera handia da, herri bat osatzen dugun aldetik. Baina, kritiko izan behar dugu, bere hiritarren eskubide politiko, sozial eta ekonomikoak bermatzeko sortu zen batasuneko hiritarrei hainbesteko kaltea egiten ari dien oraingo jito ekonomikoarekin.
Zuzentzeak jakintsu egiten gaituela esan ohi da. Espero dezagun, Europaren onerako eta integrazio politiko eta sozialaren onerako, behin betiko amaituko direla "itsasontzi bikain hau" Atlantiko itsasoaren ur nahasietara eramaten ari diren politikak .
Esandako horregatik guztiagatik, EGI-Euzko Gaztedik gure Europa zahar hau zoriondu nahi du, eta Europar nazioen federazioa sortzeko lana egingo dugula agindu nahi diogu, batasuna nazioen "interes ekonomikoen elkarte" hutsa izan ez dadin.