Ezagutzera eman

BERRIAK

2013/05/16
Urtero bezala, Maiatzaren 17an ospatuko dugu Homofobiaren aurkako eguna; eta, aurrekoetan egin izan duen eran, EGIk egun honetan aldarrikatzen diren eskubideekin bat egin nahi du.

Denboran atzera egin behar dugu, homofobiaren aurkako eguna Maiatzaren 17an zergatik ospatzen ote den jakiteko. 1990eko Maiatzaren 17an OMEk (Osasunaren Munduko Erakundea ) homosexualtasuna  gaixotasun arraroen zerrendatik kendu zuen.

23 urte pasa dira, baina oraindik  lan handia dugu egiteko. EGI erakundeak orain eta hemen salatu nahi du nortasun afektibo-sexual edo genero-identitate jakin batengatik Euskal Herrian maizegi ematen diren diskriminazioak;  aldi berean, EGIk diskriminazio hauen aurkako jarrera hartu eta aldarrikatu nahi du, eta diskriminazio hauek gure lurralde eta hiri guztietatik baztertzeko eta desagerrarazteko ahalegina eta konpromisoa hartzen du.

Aurrerapen handia lortu da azken urteotan, batez ere  lege esparruko eskubideen alorrean, baina oraindik lan handia dago egiteko. 2005ean sexu berekoen arteko ezkontzen legea onartu zen Diputatuen Kongresuan, EAJ-PNVren aldeko botoarekin. Hortik aurrera sexu berekoen arteko ezkontzak zilegi  bihurtu ziren Hego Euskal Herrian, baina  Ipar Euskal Herrian  2013 urtera itxaron behar izan dute aurrerapauso horiek lortu arte. Beraz, zoriontsu egon behar dugu, 2013tik aurrera euskal hiritar guztiok eskubide berdinak izango ditugulako gai honetan.

Bestalde, EGI erakundeak babesa eman nahi die egunero diskriminazio hau jasaten duten pertsona guztiei; baina, gazte erakundea garen aldetik gure lehentasuna  da talde honetan dauden gazteei laguntzea eta babesa ematea. Gazte asko dira Euskal Herrian egunero mehatxuak, erasoak edo beste motatako diskriminazioak jasaten dutenak. Gainera, gazte asko dira presioengatik edo beldurragatik euren orientazio sexualak ezkutatzen dituztenak, gizartearen gutxiespena jaso nahi ez dutelako. EGIk berdintasunean bizi daitekeen Euskal Herri batean sinesten du, eta horrexegatik uste du gaur egun arlo honetan egiteko geratzen den lana  dela gizartea zentzu honetan kontzientziatzea . Alderdi politiko, instituzioen eta LGTB elkarte edo kolektiboen arteko harremanak eta elkarlana behar-beharrezkoak dira, denon artean aurrera egiteko. Berdintasun legala lortu egin da, orain berdintasun soziala lortu behar dugu. EGIk eta EAJ-PNVk horretan egingo dugu lan, berdintasunean biziko den  Euskal Herria eraikitzeko ahaleginean.

 

Erik Rios Salazar

Euzko Gaztedi EGI

Facebook