Honela definitzen du emakumearenganako indarkeria Nazio Batuen Asanbladak,
1993ko Emakumearenganako Indarkeria Ezabatzeko Deklarazioaren bidez onartutako
testuan:
“Ingurune pribatu nahiz publikoan gertatu eta generoan oinarritutako indarkeriazko
ekintza oro, ondorio modura kalte fisiko, sexual edo psikologikoa dutenak,
mehatxuak, beldurtarazpena eta askatasunerako debeku arbitrarioa barne.”
1999Ko abenduaren 17an izendatu zuen Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak azaroaren
25a Emakumearenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egun modura. Horren
aurretik, 1981ean Bogotán (Kolonbia) ospatu zen egun honen antzerako zerbait lehen
aldiz, Mirabal Ahizpen erailketa gogoratu nahian, Latinamerika eta Karibeko Lehen
Topaketa Feministaren barruan.
Azaroaren 25a da gaur, eta Emakumearenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko
Eguna ospatzen da, beraz. Dena dela, gauza gutxi dugu ospatzeko. Datuak ezkorrak
dira, Nazio Batuen baitan onartutako iniziatiba hark zuen helburu nagusia betetzea
kostatzen ari zaiola erakusten baitute estatistikek: herritarrak arazo honen aurrean
sentsibilizatzea.
Alde batetik, esan daiteke gizartean ondo errotutako kezka dela emakumearenganako
indarkeria, eta alde horretatik begiratuta, oso zabalduta dagoela emakumearen
osotasun fisiko, psikologiko nahiz sexualaren errespetuarenganako kontzientzia. Baina
hori txanponaren alde bat baino ez da, besteak oso bestelako irudia baitakarkigu.
Latzak dira datuak. 2013Ko bigarren hiruhilekoan gora egin du babesa eskatu behar
izan duten emakumeen kopuruak. Gauzak horrela, 4.746 dira Euskal Autonomia
Erkidegoan eraso matxista jasan eta Ertzaintzak babestu behar dituen emakumeak.
Gainera, horietatik 52k beharrezkoa dute bizkartzainen babesa nolabaiteko
segurtasunean bizi ahal izateko.
Bada oraindik eta latzagoa den datu bat ere: erasoak jasaten dituzten emakumeen
herenak 30 urte baino gutxiago dituzte. Beti esaten dugu gazteak garela
etorkizuna, eta horren jakitun da Euzko Gaztedi-EGI. Behar-beharrezkoa zaigu
bikotekidearenganako harremana errespetuan oinarritzen dela konturatu ez diren
horiengana ere iristea. Egoerari buelta eman ahal izateko lanean jarraitu beharra
dago, nekez emango baitiogu buelta kontzientziazioa behar duten horiengana iristea
ez badugu lortzen. Orain arte egindako bideari jarraitu beharra dago.
Datuen arabera, Euskadi da espainiar estatuan genero indarkeria tasarik baxuena
duen lurraldea. Zer pentsatua ematen du horrek. Baina dena dela, mota horretako
indarkeria jasaten duen emakumea bakar bat izango balitz ere, gizarte osoa ateratzen
da galtzen. Guztiona da arazoa, eta aurre egitea ere guztioi dagokigu.
Emakumeen aurkako indarkeriarik ez.